Erlezain Eguna ospatuko da igandean. Erakustaldiak, tailerrak, dastaketak eta ezti lehiaketa izango dira.
Erleak, erlauntzak, eztia eta gozoak. Igande goizean gozo esnatuko da Zegama, Erlezain Egunaren egitarauaren barruko ekitaldi sortarekin. 10:00etan hasi eta 14:00ak arte, erlearen jardunari lotutako erakusketa, erakustaldi, dastaketa –yogur, ezti eta eztizko karamelo– eta tailerrak izango dira.
Gipuzkoako XIX. Ezti Lehiaketa 10:30ean hasiko da, eta 13:30ak alderako emango dute epaia. 21 eztigile lehiatuko dira, horietatik sei Goierrikoak. Ohi bezala, lehiaketa herrikoia ere izango da. Haurrentzat marrazki lehiaketa eta orientazio jolasa ere antolatu dituzte.
Bertso saioa arratsean
Saroi Jauregi zaldibiarrak gidatuta, 18:00etan, bertso saioa izango da Aitxuri eskolako gimnasioan. Oihana Iguaran, Andoni Egaña, Maddalen Arzallus eta Iker Zubeldia herritarra ariko dira kantuan. Jaialdia Kasino elkarteak antolatu du, Zegamako kultura batzordearen babesarekin.