Baserritarren azokek herrietan eta inguruko negozioetan eragiten duten inpaktu ekonomikoa neurtze aldera, ikerketa berritzaile bat egin du EHUko ikerlari talde batek. Emaitzak publiko egin dituzte urte hasieran.
Tokiko nekazarien azoken eragin ekonomiko eta sozialaren azterketa Gipuzkoako lurraldearen elikadura estrategia baten eremuan. Izenburu luze honen atzean, Gipuzkoako landa garapen agentzien eskariz Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko aditu talde batek nekazarien azoken gainean egin duten azterketaren emaitzak jaso dira.
Berez, ikerketa Gipuzkoako lurralde osora hedatu bada ere, azterketa honek Ordiziako eta Tolosako azokak biziberritzeko asmoz Goimen eta Tolomendi landa garapen agentziek martxan jarritako hitzarmenean du oinarria. Goimeneko teknikari Manex Aranburuk dioenez, «Ordizian udal agintariek beti izan dute azokaren gaineko kezka bat, ikerketa ugari ere egin dira, baina funtsean denak paper hutsean gelditu dira orain arte».
Ordiziakoak 505 urte
Azokak biziberritzeko lanean urrats bat gehiago ematerako orduan, Ordiziako Azokaren 500. urteurreneko ospakizuna mugarri izan zen 2012an. Testuinguru hartan, beste zenbait ekintzaren artean, azokaren inguruko hausnarketa bat planteatu zen: Zein azoka mota irudikatu nahi dugu etorkizunean?.
Azokaren inguruan beti egon den kezka horren atzean bada zerbait gehiago Aranbururen iritziz. «Azoka ondare bat da, gurea sentitzen dugu, baina ez genekien benetan zenbat balio zuen. Izan ere azoka balio inmaterial bat da, ukiezina. Kuantifikazio ekonomiko bat egiteko beharra zegoela ikusi genuen». Ekonomia ikuspuntu batetik azokek zenbat diru mugitzen duten, inguruan zein eragin duten edo interes ekonomikorik baduten jakiteko sortu zen azterketa egiteko beharra.
Azterketa EHUko ikerlari talde batek egin du. Galdeketak eta neurketak 2015 eta 2016 urteen artean egin ziren Gipuzkoako 10 azoka ezberdinetan. Goierriri dagokionean, Ordiziako eta Zumarragako azokak izan dituzte aztergai. Azterketa «esperimentala» izan da Aranburuk zehaztu duenez, «ikerketa hau egiteko tresna metodologiko propioa garatu da. Egiten den mota honetako lehendabiziko azterketa izan da».
Azterketak emaitza interesgarri asko utzi ditu, gaur egun egiten diren azoken argazki objektibo bat ateraz. Aztertu diren azokak profil ezberdinetakoak direla azpimarratu nahi izan du Leire Arandia Ordiziako D´Elikatuz zentroko arduradunak. «Batzuk egunero egiten dira, beste batzuk astean behin, eta beste batzuk ibiltariak dira». Aztertu diren Goierriko bi azokak astean behinekoak dira: Ordiziakoa asteazkenetan, eta Zumarragakoa larunbatetan.
«Azoka ondare bat da, gurea sentitzen dugu, baina ez genekien zenbat balio zuen»
Manex Aranburu, Goimeneko teknikaria«Aztertu diren azoka guztiak profil ezberdinetakoak dira»
Leire Arandia, D´Elikatuz
Azterketa horren arabera, azoketan dauden saltzaileen profila baserritarra, emakumezkoa eta adinekoa da, produktu anitzak saltzen dituena. Ordiziaren kasuan, saltzaile gazteak ere zenbatu dira —maila apalagoan—, gizonezkoak dira orokorrean, ekologikoan aritzen direnak eta produktu bakarrera dedikatzen dira.
Azoketako kontsumitzaile gehienak 51 eta 65 urte artekoak dira, emakumezkoak gehienak. Adinaren arabera, gazteagoek denbora gutxiago pasatzen dute azokan erosten, adinekoek gehiago. Bai Ordiziako azokaren kasuan, baita Zumarragakoan ere herritarrak ez ezik bailarako bizilagunak ere gerturatzen dira bertara.
Eragin ekonomikoa
Azoketan, batez ere barazkiak dira gehien saltzen diren produktuak, esnekiak, arrautzak eta ogiak jarraituta. Galdeketa egin zaien kontsumitzaileen artean, «azokara joaten direnak kalitatezko eta bertako produktua bilatzera joaten dira. Azokara joateko ohiturarik ez dutenak, erosotasun falta jarri dute arrazoitzat», zehaztu du Arandiak.
Alderdi ekonomikoari begira, saltzaile bakoitzak aitortutako asteroko sarrerak 256,8 eurotakoak dira. Kontsumitzaileek, aldiz, azokara joaten diren bakoitzeko 19,5 euroko gastua egiten dutela esan dute. Urteko azokak sortzen duen diru kopurua 3.108.513 eurokoa da batez beste Ordizian, eta 1.715.461 eurokoa Zumarragan. Gainera, inguruko komertzioetan azokan gastatzen duten euro bakoitzarengatik beste 1,5 euro gastatzen dute inguruko denda eta tabernatan azokara gerturatzen direnek.
Emaitzak eskuan zenbait udalerri hasi dira azoka biziberritzeko lanean. Aranburuk esan duenez, «Zumarragako Udalak pertsona bat jarriko du lan horretarako, eta Beasainen larunbatetan azoka egiten hasi dira urtarrilaz geroztik».