Gaur egun Goierriko eta Gipuzkoako motorra den CAFen enpresaren 100 urteko historia eta bizipenak jaso dituzte Lemniskata elkarteak, Martin Garcia Garmendiak eta Juanjo Olaizolak. CAF, mende bat burdinbidearen zerbitzura izenburupean hiru formatutan bildu eta gizarteratu nahi izan dute CAFen historia: batetik, 116 urte hauetako 130 irudiz osatutako erakusketarekin eta katalogoarekin; eta bestetik, Juanjo Olaizolaren liburuarekin.
Izan ere, Olaizolak aurkezpenean esan zuen bezala, «benetako miraria» da enpresa batek 100 urte betetzea, «krisi bat eta beste bat» gainditzeko gai izatea. Gaur egungo egoerara iristeko, ordea, momentu gazi-gozo ugari pasatu behar izan ditu Beasaingo fabrika handiak.
Mundu zabalean bost kontinentetan barrena hedatuta dagoen CAF enpresaren jatorriaren lehenengo aztarna XIX. mende bukaeran aurki daiteke. 1860. urtean iritsi zen industria iraultza Beasainera, Goitia familiak bultzaturik, San Martin Burdin Fabrika inauguratu zenean. 1863. urtean trafikorako irekitako Norteko trenbidearen ondoan kokatua zegoen, eta bere helburuetako bat trenbideetarako materiala ekoiztea zen, nahiz eta lau hamarkada behar izan zituen hori lortzeko.
Ondoren, 1901ean Sociedad Española de Contrucciones Metalicas sortu zuten, Urquijoko Markesak gidatua; goitiatarrek partaidetza xume bat baino ez zuten izango. Urte batzuk beranduago, 1917ko martxoaren 4an, Luis Urquijo Ussia, Valentin Ruiz Senen, Santiago Innerity Cifuentes eta Angel Gascue Minondo Donostiako Luis Barrueta notarioaren bulegoan elkartu ziren eta Compañia Auxiliar de Ferrocarriles sortu zuten, CAF siglez ezagunagoa dena. Sociedad Española de Construcciones Metalicas lantoki modernoa alokatu zuten lehenengo urteetan. Denbora gutxian bere posizio fintzantziero sendotzea lortu zuen, batez ere Espainiako Gobernuak tren industria babestu zuelako.
Honela, 1925ean, CAFek alokairuan zegoen enpresa erosteko aukera izan zuen. Alemaniar ingeniariek diseinatutako eraikin modernoa zen eta instalakuntza horiei esker, Espainia mailako bagoi fabrikatzaile nagusia bilakatu zen. Urte hartan CAFek tren makina elektrikoak eraikitzeko lehen eskaera jaso zuen, Katalunian Ripoll eta Puigcerda arteko trenbiderako.
1929ko burtsaren krakaren ondorioz izandako krisi ekonomikoa nabaritu zuen CAFek, eta beste sektore batzuetan dibertsifikazioa bilatu behar izan zuen bere tailerretako jarduerari eusteko. «Autobus urbanoen eta herri arteko autobusen karrozatua egiten hasi zen, baita nekazaritzako makinaria, Fenwick-ak…». Uruguaiko burdinbide sistemarentzat ehun bat bagoi ere esportatu zituen; Pasaiako portutik itsasontzian eraman zituzten. 1935ean, lurrunezko tren makinen ordez, diesel motorrak hartu zuen lekukoa.
Gerra materiala
1936ko gerraren eragina jasan zuen CAFek ere. Batetik, bonbez erasotua izan zen 1936ko uztailean, eta bestetik, lantokia militarizatua izan zen eta era guztietako gerra materiala egiteko erabili zuten. Gerra amaitutakoan berriz ere ekin zion trengintzari, nahiz eta lehengaia eskuratzeko zailtasunak izan. 1939. urtean Irunen zegoen Sefgi bagoi fabrika zaharra eskuratu zuen eta Pablo Weeber izendatu zuten zuzendari; 1940an, Madrilen beste lantegi bat ireki zuen. 1941ean Renfe sortu zen, eta CAFen bezero nagusienetako bat bilakatu zen. Renfek bidaiarientzako zerbitzuak modernizatzeari ekin zion; CAF aritu zen horretan. Madrilgo Metroa ere eskariak egiten hasi zen.
1940ko hamarkadatik aurrera, CAFek ekoizpenaren zati bat errepide sektorera bideratu zuen. Produktu garrantzitsuenetako bat Fruehauf etxe frantziarraren lizentziapean eraikitako erdiatoiak izan ziren. Ardatzerdiak, txasisak, ardatzak edo kamioientzako bosgarren gurpilak ere ekoitzi zituzten Beasainen.
1958 eta 1962 urteen artean bere historiako hedapenik handiena ezagutu zuen. Tailer mekanikoa eta muntaketa tailer berriak eraiki zituzten, IV. Dibisioa bezala ezagutzen dena. Era berean, garapenaren urteetan merkantzia bagoiek ezagututako eskaera handiari aurre egiteko, CAFek ekoizpen kateak ezarri zituen. Fiat, Alco edo Mitsubishirekin egindako akordio teknologikoekin Espainiako merkatuan nagusi izatea lortu zuen. 1962an CAF berriz hasi zen bagoiak, kotxeak, diesel lokomotoreak… ekoizten; Thailandiara, Frantziara, Jugoslaviara, Alemaniar Errepublika Demokratikora, Tunisiara, Kolonbiara, Iranera… esportatu zituen.
80ko krisialdia
Hala ere, 80ko hamarkadako krisi ekonomikoaren ondorioz, «ia CAFen historia amaitzeko zorian izan zen». Baina 90eko hamarkadan aldiriko trenetan eta abiadura handiko trenean egindako inbertsio handiei esker, enpresak bere norabidea berbideratu zuen eta berrikuntzaren aldeko apustua egin zuen, produktu propioak garatuz; «CAFen azkeneko 25 urteak abiada oso bizikoak» izan dira. 2001. urtean inguruko trenbide arloko teknologia zentrorik handiena eta aurreratuena inauguratu zuen Beasainen. 250 ingeniari eta teknikari baino gehiago aritzen dira bertan lanean.
Arizkorretarren hitzaldia
Historiak erakusten duen bezala, urte hauetan guztietan berritzeko gaitasuna eta bezeroen beharretara egokitzen jakin izan du CAFek, beti ere begiak etorkizunari begira jarrita. Gaur ostirala, 19:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian, Andres Arizkorreta CAFeko presidente exekutiboak fabrika handiaren etorkizunari buruzko hitzaldia egingo du.