Zinez, inguruari begira, erraza zaigu erreparatzea jende asko eta asko ez dela zoriontsu, ez dagoela barruz asebetea. Ikusi besterik ez dugu honetan guztian gizakiak bere inguruarekiko duen jarrera eta errespetu eza, erakusten duen nahieza, ezina eta samina, gizakiak, biolentziaz gain, jasaten duen hustasun gorria.
Jose Saramagok dion moduan: «Gizakia eraikitzen joaten den etengabeko izakia da, baina baita birrintzen joaten dena». Hala ikusten dut gizakia bere egunerokotasunean, etengabeko noraezean, ezer bilatu nahian, bere gogo-bihotzak asetu minez… minez hitzaren adiera bikoitza kontuan hartuz, oinazez eta desioz. Xelebrea da hauxe guztia arretaz begiratzea, batetik, gizakia barruko hustasun itzelez betea, eta bestetik, zerbaiten egarri, baina zer?
Han-hemenka, makina bat pertsona burumakur, haserre, etsita ikus dezakegu, beren pentsamenduetan murgilduta, kontzeptuzko gartzeletan galduak, besteen aurrean aske itxurak eginez, baina barruz preso, ziegarik ilunenean, beldurraren zorabioak irentsita. Hala da hauxe, eta hala dela esatea eta ikustea pena handia ematen dit, egunero, gizaki ugarik ezinezko tortura bizi duelako, pentsamenduak ez begiratu eta emozioak desegoki kudeatu izanaren tortura afektibo-emozionala. Honek eraman du, ezinbestez, gizakia bakardaderik min eta gordinenera, Maitasuna balio gutxitzera.
Rainer Maria Rilkek, Pragako olerkari famatuak, zion: «Bidai bakarra, barrukoa da», egia borobila, benetan. Bidaia ajentziek hara eta hona bidaiatzera gonbidatzen gaituzten garaiotan, gure baitara bidaiatzen ahaztu zaigu, benetako pagotxa izanda ere, ez dugu bidaia hori egin nahi, beldurra ematen digulako, gure barruari berari aurrez aurre so egin nahi ez diogulako, izan ere, ikaratu egiten gara geu garen hori ikustera, hain mozorrotu gara gure mozorroaren atzean. Mozorroaren ostean, egoera desberdinetan ezkutatuz, halako pertsonarekin modu batean izaten ikasi dugu, bestearekin beste era batean, eta gero, normala da, estresa eta ezereza bizitzea, kakanahaste izugarria izatea gurekin, guztiak garena ez ezagutzera eramaten gaitu eta.
Erreparatu bestela, kalean zoazelarik, ea unean uneko errealitatea bizi duzun, gertatzen ari zaizun errealitatearekin bat egina zauden, begiratu zeu une eta orain horretantxe sentitu eta bizi duzunarekin bat eginda zabiltzan, ala errealitate desitxuratuan galdua zauden, alegia, zure pentsamenduetan, juzkuetan, aurreiritzietan eta bestearekiko duzun ustetan. Zer dela eta, horrenbesteko sufrimendua gizakiak berari, eta gizakiak gizakiari?
Budak zion: «Zure iragana ezagutu gura baduzu, begiratu zure oraina, haren emaitza baita. Zure etorkizuna ezagutu nahi baduzu, begiratu zure oraina, beronen kausa baita». Oraina da atea, orainak ematen digu Bizian izateko aukera bakarra, Biziarekin bat egiteko eta bat izateko aukera etengabea, betiko eskaintza berri, bizi eta bukaezin gisa. Norberak du askatasunez oraina hautatzeko okasio aparta, horretarako gogoa piztu eta biziberritu behar dugu, badugu horretarako indar eta kemenik?
Askok esango dizute, «hau da bidea, edo beste hura», ondo egongo da hori haientzat, beraien baitako bidean taupa horiek adituko dituzte eta. Zure bidea egingo duen bakarra zeu zara, eta ez beste inor, eta hala jardungo zara zeure bihotzaren pausoak adituz, zure barruaren muina sentituz, Biziarekin bat eginez. Segi zure gogo-bihotzen iparorratzari, zoaz ezti, urrats bakoitzean zure izanaren arrastoa zabalduz, txalupek itsasoaren uretan marrazturiko ubera bezala. Bidaia on, adiskide, bidai atsegin zure barruari so egitean, eta elkarrekin topo egiten dugun bakoitzean, bidaide bi bezala, atseginez, zurekin hitz-aspertu gozorik egitea espero dut. Zure menturan, zorte on!