Haurra zenetik asko joan da mendira Aitor Montes (Segura, 1991). Orduan sortu zitzaion naturarekiko jakin-mina. Biologiako ikasketak egin zituen unibertsitatean, eta dioenez, orduan hartu zuen indar gehiago ingurumenarekiko bere zaletasunak. «Gero eta gehiago jakiten, ikasten nindoan heinean, naturarekiko zaletasuna intentsitate handiagoz haziz joan zen nire barnean». Bere zaletasuna bizibide ere bilakatu da. Arrikrutzeko (Oñati, Gipuzkoa) kobazuloetan egiten du lan gidari moduan. Eta denbora librean, Goierri Basatia blogari ordu asko eskaintzen dizkio.
Naturarekiko zure harremana haziz joan da zugan orduan, urteak betetzen joan zaren neurrian.
Bai. Haurra nintzenetik sortu izan dit jakin-mina, baina unibertsitatean ikasitakoak eragin handia izan zuen nigan. Espezie bakoitzari buruz gehiago jakiteak hauek errazago aurkitzeko bideak irekitzen dizkizu, eta hori ere pausu garrantzitsua izan da nire ibilbidean.
Naturarekiko maitasunak eta jakin-minak Goierri Basatia bloga irekitzera eraman zaitu.
Unibertsitatean nengoela gizarte honek naturarekiko duen harremana nolakoa den pentsa araztera eraman ninduen. Naturarekiko harreman zuzena galdu dugu. Gainera, mundu mailan ematen ari den biodibertsitatearen galerak ere zer pentsatua eman zidan. Eta, amaitzeko, gertu daukagun ondare hau ez dugula ezagutzen ere ohartu nintzen. Hausnarketa hauek eraman ninduten bloga martxan jartzera.
Iazko urrian ireki zenuen bloga.
Bai. Blogaren helburu nagusiak dibulgazioa eta sentsibilizazioa dira. Garrantzitsua da inguruan daukagunaren berri izatea, ezagutzen ez duguna nekez baloratuko baitugu, eta ondorioz ez dugu behar bezala zainduko.
Ondarea aipatu duzu. Goierri inguruan zer da aurkitu dezakeguna?
Goierri oso antropizatuta dago. Fabrika eta industria asko daukagu, errepide sare handiak, nukleo urbano asko… Horrek animaliak bizitzeko eremuak murriztea ekarri du. Baina Goierriko paisaian badaude oraindik espezie bereziak bilatu ahal izateko hainbat eremu, Aizkorri eta Aralar, adibidez.
Gainera, hezeguneak ere badauzkagu, baso mistoak, harkaitz-arteak, landa guneak… eta aniztasun honek espezie ezberdin asko erakartzen du gurera.
Adibidez?
Anfibioetan uhandre palmatua daukagu berezien artean, baita arrabioa, txantxikua, baso igel-gorria… Narrastien kasuan, eskulapio sugea, suge gorri kantauriarra, zirauna oso arrunta da baratze inguruetan, musker berdea… Baso asko dauzkagu, eta ondorioz hegaztietan aukera zabala ere bai: hainbat okil mota, eskinosoa, garrapoa, gabiraia, gerri txoria… gurean bizi dira, baita azkenaldian Goierrin asko hedatzen ari den espezie arraro bat ere: okil beltza.
Ugaztunetan ere badaude harribitxiak. Orkatzak eta basurdeak dira arruntenak, baina horietaz gain badaude muxarrak, lepahoriak, saguzarrak edo bisoi europarra ere. Ornogabeetan ohikoenak tximeletak dira: lirio tximeleta, makaon tximeleta, limonerak… Eta baso eta egur asko ere badugunez, kakalardo mota oso bereziak ere baditugu: arkanbelea, alpetar kakalardo adarluzea… Aipatutako kakalardo hauek babestutako espezieak dira, besteak beste, basoen kalitatearen adierazle onak direlako.
Guzti hau zaintzeak merezi du orduan.
Bertako basoak zaintzeak bioaniztasuna mantentzen lagunduko liguke. Esparru natural babestuak antropizatu gabe mantendu beharko lirateke, azpiegiturak zentzuz eginez, adibidez. Aralarren pistak eraikitzeak esaterako, habitat asko degradatu eta zatitzea ekarriko du. Ondorioz, espezieen arteko loturak etengo dira eta populazioen bideragarritasuna murriztuko da.
Aralarren ugatza daukagu, oso espezie berezia da. Pisten eraginez, oso posible da ugatzak beste leku batera migratzea. Administrazioak zeresan handia dauka afera honetan. Abeltzainean eskaerak kontutan hartu beharko lituzke, baina natur baliabideak errespetatzea ahaztu gabe.
Goierri Basatia bloga: daukaguna ezagutuz maitatzeko
Naturarekiko jakin-minak eta egindako hausnarketak bultzatuta, 2016ko urrian zabaldu zuen Montesek Goierri Basatia bloga. Blogaren helburu nagusiak, naturarekiko ezagupenaren zabalkundea eta irakurleen sentsibilizazioa bultzatzea dira. Montesen hitzetan, «helburua ez da pertsonak aldatzea, ezagutza zabalduz pertsonek naturarekiko dituzten harremanak aldatzea baizik».
Momentuz, bloga forma hartzen ari da. Astean behineko maiztasunarekin argitaratzen du sarrera bat Montesek. Dioenez, aldez aurretik pentsatzen du sarrera. Jendeak ezagutzeko espezie bat aukeratu eta gero, bere habitata aztertu, bilatu eta kamera eskuan mendira joaten da. «Orduak ematen ditut nahi dudan hori bilatu eta argazkiak eta bideoak egiteko», dio. Sarreran, dokumentazio grafikoaz gain, testuak ere idazten ditu. «Azalpen teknikoak baino, espezie bakoitzaren berezitasunak aipatzea dut nahiago, jendeak gustura irakurri eta animalia bakoitza ezagutzeko».
Bera bezalako beste naturzale batzuekin egindako irteeren berri ere ematen du sarreretan, aztertutako lekuen eta bilatutako espezieen informazioa emanez. Bloga, beste ezer baino gehiago erronka pertsonala da Montesentzat. Amaitzeko, berea bezalako beste blog gehiago ere badaudela adierazi du, Naturzalia esaterako.