Zumarragakoa da jaiotzez Itziar Albisua Albizu (1963), eta etorkina Urretxun. Lanbidez gorputz hezkuntzako irakaslea da. Zikloturista, ama, emakumea, alaba… eta denbora duenean sortzailea ere bai. Margotu eta zeramikarekin eskultura lantzen du. Zarauzko Lukas ardotegian ditu bere lanak ikusgai.
Pintura izan zen eskultura baino lehen.
Margotzen hasi nintzen lehenengo, gero zeramika etorri zen. Orain margora itzuli nahi dut.
Ikastaroz ikastaro ibili zinen hasieran zeure lekuaren bila.
Gaztetan eta denbora laburrez, Felix Vaquerizaren klaseetara joan nintzen Zumarragan, marrazten ikastera. Gero, 1991ean Manu Muniategiandikoetxea Urretxuko kultur etxera etorri zen eta hark piztu zidan arkatza berriz hartzeko grina. Manley margoak, arkatzak… denekin jolasten genuen, eta ni txoratuta ibili nintzen. Asko gustatu zitzaidan saltsa hura.
Garai hartan zure kabuz margotzen hasi zinen, olioz gainera.
Orduan, olioz ez bazenuen margotzen ez zinen ezer, eta gehien erakusten zena horixe zen. Horregatik, nik ere olioa ikasi nahi nuen eta ikastaroetara joaten hasi nintzen, Abdon Juaristirekin eta, autonomia bat lortu arte. Baina nire olio irakasle nagusia Julian Ugarte izan zen, 1997-2001 artean.
Zein estilo lantzen zenuen?
Margo figuratiboarekin hasi nintzen: bodegoiak, paisaiak… Asko gustatzen zitzaidan kalean margotzea eta kalean egiten diren lehiaketatan parte hartzen hasi nintzen. Helburua ez zen lana bukatzea… Izan ere, lehiaketa horietan prestaketa handia behar da: formulak, nortasuna, teknikak. Denbora gutxian gauza asko erabaki behar dira eta ekin, ekin… nahi duzun irudia lortzeko, azkeneko printzak eta argiak eman arte.
Sariak ere irabazi zenituen.
Bigarren saria irabazi nuen Zarauzko lehiaketa batean collage txiki batekin, lehenengoa Legazpikoan eta Urretxu-Zumarragakoan…
Collage bat aipatu duzu. Horietan zentratu zinen tarte batean.
Akrilikoa lantzen hastearekin batera. Ama izan nintzen garai hartan, 1998an, baina hura ez zen eragozpena izan eta jarraitu nuen kultur etxera joaten, ikastaro gehiago egitera, Telleriarekin batzuk. Orduan akrilikoarekin hasi nintzen, etxean ezin delako margotu olioarekin ume txikiak daudenean: denbora behar du lehortzeko, zikina da, usaina du… Garai haietakoak dira birziklatutako egurrezko euskarri batzuetan margotu nuen txakurren erretratu serie bat. Lagun batek eskatu zidan, gero beste batek, beste batek… Akrilikoarekin jarraitu nuen, eta collage lanak egiten hasi nintzen orduan.
Eta eskultura iritsi zen.
Bai, salto egin nuen eskulturaren mundura. Lehen urratsa Iñaki Mariñelarenarekin egin nuen. Pott-ekoekin, berriz, zeramikaren munduan murgildu nintzen, eta horrela, alboratu egin nuen piska bat bi dimentsioen mundua. Lehen lanak piktorikoak ziren batez ere, bi dimentsio horietatik hirura trantsizioa egin bitartean. Orduan hasi nintzen eskulturak egiten. Gai aldetik oso oinarrizkoa nintzen; nire familia, gauzatxoak… Gauzatxoak handitzen joan ziren eta Besarkadak bilduma etorri zen, lan figuratiboa erabat. Lagunei oparitzeko lan txiki batzuk egin nituen, ezpainzapitakoak, eta haiek izan ziren bildumaren abiapuntua.
«Bi dimentsioen mundura itzuli nahi dut, margora, baina eskultura alboratu gabe»
«Ni sortzailea naiz, eta saltzaile txarra;?erakusketak sortzaileon lanen erakusleihoa dira»
Gustura jardun duzu urteetan zeramikarekin.
Zeramikaren munduan murgildu nintzen erabat. Buztin mota desberdinak, teknika diferen-teak, esmaltatuak, labe desberdinak… probak egiten hasi nintzen, eta emaitza izan ziren platerak, katiluak, amaren herria den Zarautz gogora ekartzen didaten piezatxoak: aulkiak, toldoak…
Baina zeramikarekin ezin da etxean lan egin, tailer bat, labea… behar dira. Pott-ekoekin egin nituen lehen ikastaroak, eta Beasaingo zeramika tailerrean lan egiten hasi nintzen, hango azpiegitura baliatzeko.
Bi dimentsioak ez dituzu ordea ahaztu.
Egia da. Lan horietan, batzuetan bi dimentsioetara itzultzeko beharra sentitu eta margotu egin dut zeramikaren gainean: oinarri bezala baldosa bat hartu eta hor margotu. Mihise moduan erabili ditut baldosak.
Bestelako mihisetara itzultzeko asmorik ba al duzu?
Bai. Orain margotzeko gogoa daukat, bi dimentsioetara itzuli nahi dut, baina eskultura alboratu gabe, oso interesgarria iruditzen zaidalako eskuekin eta buztinarekin gauzak sortzea.
Nolako gauzak sortzen dituzu?
Nire artelanak oso sinpleak izaten dira gaiaren aldetik: besteenak kontzeptualak-eta izaten dira, baina nireak ez. Nire sormena ateratzeko beharra izan dut beti, eta gertuen ditudan gauzekin ateratzen dut: familia, itsasoa, Goierri, kosta, hondartza… Hemen gauza politak eta aberatsak ditugu eta horietan oinarritzen naiz, Antion esaterako. Nire gauzak, oso gertukoak, niretzako esanguratsuak diren gauzak dira.
Zer dira zuretzako pintura eta eskultura?
Niretzat ez dira pintura edo eskultura, niretako sormena da, niretzat espresatzeko modu bat dira biak. Nire gauzak eta sentimenduak modu honetan adierazten ditut hitzekin baino hobeto, komunikatzeko modu bat dira. Baina azken aldian oso denbora gutxi daukat eta aurten, adibidez, oso denbora gutxi eskaini diot nire sormenari.
Erakusketa antolatzeko denbora hartu duzu behintzat.
Manolo Urbietaren bitartez muntatu dut, eta nire ibilbideari errepasoa egiten diot bertan. Erakusketak gure erakusleihoak dira eta oso garrantzitsuak dira. Ni, gainera, sortzailea naiz, baina ez naiz saltzailea. Egia da gaur egun Internet tartean dagoela, blog bat edo web orri bat eduki beharko genukeela… Horregatik, eskerrak eman behar dizkiet Lukas ardotegikoei aukera eman didatelako nire lana erakusteko.
Gero zer etorriko da?
Hemendik aurrerako asmoa da denbora hartzea gordeta ditudan lan guztiak antolatzeko eta gordetzeko. Horrek bidea emango dit beste gauza batzuk egiteko, zeramika barne.