Trinitate egunez ospatzen da urtero San Adriango erromeria. Garai batean idiazabaldarrek Partzoneriako lurretara ganadua eramateko Seguratik eta Zegamatik igaro behar izaten zuten, eta usadio hori irudikatzen dute orain urtero. Datorren astebukaera honetan, hilaren 11n, igandea, egingo dute Idiazabaldik San Adriango pasabiderako erromesaldia. Garai batean, oinez egiteko ohitura zegoen.
San Adrianen meza ospatu eta mokadutxoa jan ondoren, Zegamara jaitsiko dira, eta herriko sarreran dagoen Gurutze Santuko ermitan Zegamako alkateak Idiazabalgoari aginte-makila eskainiko dio. Gurutze Santutik herriguneraino bi alkateek, herritarrak atzean dituztela, Zegama zeharkatuko dute. Ondoren, idiazabaldarrak Segurara joango dira eta han makil trukaketa egingo dute berriz Segurako alkatearekin. Ondoren, Idiazabalera itzuliko dira bazkari herrikoia egiteko.