Udaberrian baratzeak bere aurpegirik atseginena erakusten du. Negu hotzean emaria moteltzen den bezala, argi orduak luzatzearekin eta tenperatura berotzearekin batera, udaberrian eta udan lurra garairik emankorrenean sartzen da. Gorka Iñurritegi nekazaria da, eta Legazpiko San Migel baserriaren ondoko lurretan ditu baratzeak. Bertatik Bertara proiektuko kide da, eta Legazpiko kontsumo taldeko ekoizleetako bat ere bai.
Iñurritegiren hitzetan, maiatzetik irailera bitartean luzatzen da nekazarien goi-denboraldia. Alde batetik, neguan ereindakoa jasotzeko garaia izaten da. «Abenduan sartutako baba-handia, ilarra, tipulina, aza… jasotzen ari gara orain», dio. Bestetik, udaren hondarrean biltzeko barazkiak sartzeko garaia ere badute orain. «Apirilean tipula gorria eta zuria, udaberriko zerba eta patata sartu nituen. Maiatzean, Gernikako piperrak eta italiarra, eta Ibarrako gindillak. Maiatz eta ekaina artean sartzekoak dira indaba, leka, kalabazina, kalabaza…».
Letxuga eta tomatea
Letxuga eta tomatea udaberri-udako barazki estimatuak dira gure artean. Letxuga, maiatzetik aurrera hilero sartzen dela dio Iñurritegik. «Udan pare bat hilabetetan hazten dira letxugak, neguan aldiz, hiru eta lau hilabete artean behar izaten dituzte», zehaztu du. Tomatea, berriz, hiru txandatan landatzen dute San Migelen, «apirilean, maiatzean eta ekainean, negutegi barruan, hartara azarora arte tomatea izatea ziurtatzen dugu». Kanpoan sartzeko ekainera arte itxarotea komeni izaten da: «Oso delikatuak dira, eta edozein izozte txiki tokatuz gero, galdu egin daitezke».
Bertako barietateak soilik sartzen ditu Iñurritegik. «Tomatearen kasuan piko-luzea eta Aretxabaleta. Zaporeari dagokionean ez dute parekorik». Ohikoenak raf eta jack motakoak izaten dira, «ale gehiago ematen dituztelako. Bertako tomatearekin errentagarritasun gutxi ateratzen da».
Jasotzeko eta ereiteko garaia izateaz gainera, lurra eta barazkiak zaintzeko garaia ere bada. «Gaixotasun ohikoenak tratatu behar izaten ditugu. Ni ekologikoan aritzen naiz, eta ez dut kimikorik erabiltzen», dio. Gainerakoan lurra ongarritu behar da, simaurrarekin, adibidez. Baita belar txarrak kendu eta lurra harrotu ere. Datozen hilabeteei begira, batez beste, 25 bat graduko egunak eta euri egunak tartekatzea komeni da. «Beroa eta hezetasuna behar ditugu baratzean».