‘Haria galtzen’ bilduma ikus daiteke urriaren 1era bitarte Igartubeitin. Etzi, Baserri Eguna ospatuko dute.
Zazpi emakumezko sortzailek ondutako Haria galtzen erakusketa kolektiboak zuntza darabil adierazpen artistiko gisa. Historiaren eta euskal ohituren arteko harreman estua azalaraztea du helburu, ikuspegi berritu batetik. Lola Altolagirre, Idoia Cuesta, Arantxa Diez Redondo, Karmen Esnaola, Kris Meraki, Yolanda Sanchez eta Maria Zubizarreta dira bildumaren egileak.
Donostiako Kristina-Enean iazko abenduan estreinatu zen erakusketaren ikuspegi berri eta berrinterpretatu bat da Igartubeitin urriaren 1era arte ikusgai dagoena, testuinguru berrian eta elementu berriekin. Diputazioaren funtsetatik eta Gordailutik ekarritako tresna eta lanabesak ezagut daitezke; goruak, ezpatak eta ardatzak.
Tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko solasaldia proposatzen dute sortzaileek. Igartubeitiko hainbat gunetan erakusten diren piezak bertako familiaren beharrizanak asetzen zituzten produktu –artoa– material –maluta, zumea, lihoa, artilea– objektu eta lanekin uztartzen dira.
Zuntzaren balioa goratu ez ezik, zuntz-sorkuntza ezberdinak lantzeko tekniken berri ere ematen du:?irazki-hari garaia, irazki-hari baxua, irutea, saskigintza teknikak, brodatuak, tinteak… Ekainaren 25eko bisita gidatuan bertatik bertara ezagutu ahalko dira xehetasunak.
Jardunaldi tematikoa
Bildumaren osagarri, etzi, hilak 18, Baserri Eguna ospatuko dute Igartubeitin. Jardunaldi tematiko horretan baserriaren baratze ekologikoa eta haren ingurua, umeentzako belar-meta tailerra eta bazkaria izango dira, besteak beste.