Musikak elkartu ditu Adei Palomo, Iker Ramirez, Harri Arzelus eta Adur Iñigo ordiziarrak, eta Xiker Larrea beasaindarra. Otsailean Ardi Beltzak taldea osatu eta Ordiziako Santa Ana jaietan lehenengo kontzertua egin zuten, zortzi kantuko errepertorioa prestatua.
Iker Ramirezi eta Adei Palomori gaztetxean Altxa Gudari taldearen kontzertua entzunda piztu zitzaien taldea sortzeko harra. «Asko gustatu zitzaigun, eta Iker eta biok hitz egiten aritu ginen, eta talde bat sortzea pentsatu genuen», adierazi du Palomok. Taldekideak aurkitzea izan zen hurrengo erronka: «Gure gelakide zen Harriri esan genion eta baiezkoa esan zuen. Harrik Adur ezagutzen zuen eta laukotea osatu genuen». Bateria falta zitzaien eta Beasaingo Xiker Larrearengana jo zuten. Majoriko entsegu lokala lortu zuten jarraian; «hiru talderekin elkarbanatzen» dute.
Punk musika
Taldea sortzerako garbi zuten zein estilotako musika egin nahi zuten: punk musika. La Polla, Descontrol, Siete Balas, Rip, Garaipena …. taldeen bertsioak prestatu zituzten lehenengo kontzerturako. Lehenengo abestia ere sortu dute dagoeneko, Ardi Beltzak izenekoa.
Gaur egun 14-15 urtekoen artean musika mota hori entzutea ez da oso ohikoa , eta horregatik jarri diote taldeari Ardi Beltzak izena, musikaren gustuen arloan ardi beltzak sentitzen direlako, «artaldetik kanpokoak» direla uste dutelako; «gure lagun gehienek reggaetoia entzuten dute», diote.
Lehenengo kontzertua
Ardi Beltzak taldeko kideek ez dute berehalakoan ahaztuko 2017ko uztailaren 22an lehenengo kontzertua eskaini zuten eguna. «Oso ondo atera zen, jende asko zegoen eta zoriondu egin gintuzten». Hasierako urduritasunak gainditu eta gozatu egin zuten eskenatoki gainean. Hori bai, «eskenatoki gainean desberdina da. Gora igotzen zarenean, inpresioa egiten du».
Aurrera begira, kontzertu gehiago egin nahi dituzte, musikarekin gozatuz jarraitzea baita haien nahia.