Ormaiztegiarrek San Migel jaia ospatuko dute bihar. Festa honetako ekitaldi berezienetako bat harrikalari txapelketa da. Herritarrak 2.080 gramoko harria nork urrutirago bota lehiatzen dira. Ormaiztegiarrei harrikalari deitzen diete, zubiaren alde batetik bestera harriak botatzen saiatzen zirelako. Aurtengoa 22. ekitaldia izango da eta lehiaketa horrek menderatzaile argi bat du:?Borja Irizar (Ormaiztegi, 1988). Hamaika aldiz parte hartu du eta bederatzitan nagusitu da. Beste bietan bigarren gelditu zen. Errekorra berea da, gainera:?28,95 metro.
Noiz eta nolatan hasi zinen lehiaketa honetan parte hartzen?
2004an parte hartu nuen lehenengo aldiz harrikalari txapelketan, 16 urte bete eta berehala. Izan ere, 16 urte beteta eduki behar dira parte hartu ahal izateko. San Migel eguna oso egun polita da eta antolatzen diren txapelketa guztietan parte hartzen dut: toka, mus eta harrikalari txapelketetan.
Karta-jokoan eta tokan harria jaurtitzen bezain trebea al zara?
Ez. Azken bi urteetan mus txapelketako finalerdiak jokatu ditut, baina tokan oso baldarra naiz. Harrikalari txapelketa, berriz, bederatzi aldiz irabazi dut. Parte hartu nuen beste bi aldietan bigarren postuan sailkatu nintzen.
Errekorra ere zurea da.
Harria 28 metro eta 95 zentimetrora bota nuen, duela bospasei urte.
Aurten ere parte hartzeko asmoa al duzu?
Iaz ezin izan nuen parte hartu eta aurten ere ez. Izan ere, San Migel egunean ezkontza bat dut.
Gainontzeko ormaiztegiarrak pozik jarriko dira hori irakurtzen dutenean…
Pike apur bat dago eta badago nigandik nahiko gertu ibiltzen den jendea. «Aurten etzak harria bota, txapelketa nik irabazi nahi diat eta!», esaten didate txantxetan.
Non dago sekretua?
Nire ustez, jaurtiketa estiloa da kontua. Gainera, eskubaloian jokatzen dut, eta San Migel eguna denboraldi-aurrean denez, sasoi betean egoten naiz.
Espero al zenuen horrenbeste aldiz irabaztea?
Hasi nintzenean ez nuen halakorik espero, baina lehenengo urtean errekorra hautsi nuen jada.
Ez al duzu inoiz pisu-jaurtiketan aritzea pentsatu?
Ez dut sekula atletismoa egitea pentsatu, ez. Eskubaloian oso gustura nabil.