Berez urteko sasoirik epelena eta argitsuena izan behar duena, lehenago iritsi eta joan da aurten. Tenperaturak iaz baino zertxobait baxuagoak izan dira, eta euria ohi baino gehiago egin du. Udazkena aurreratuta etorri da.
Uda joan da dagoeneko, eta hostoak zuhaitzetako adarretatik ihes egiten hasiak dira;? udazkena hemen dago. Eguraldiari begiratuta, euria eta tenperatura freskoak tarteko, aurreratuta iritsi da urtaro berria, uda bera ere udaberria alboratu eta bere tenperatura altuekin aurreratu zen bezala. Atzean geratu da berez urteko garairik beroena eta argitsuena, aurten ere ohiko parametroetan joan dena.
Ekainaren 21ean sartu zen aurtengo uda ofizialki 06:24an, eta joan, berriz, 93 egun eta 15 ordu geroago, aurreko astean joan da, irailaren 22an, 22:02an. Udazkenak 89 egun eta 20 ordu ditu aurretik, abenduaren 21ean neguari txanda eman arte.
Iaz baino epelagoa
Bestela badirudi ere, duela gutxi joandako uda meteorologia aldetik nolakoa izan den jakiteko, Aemet eta Euskalmet agentziek Goierrin dituzten neurketa puntuetan jasotako datuak daude. Horien arabera, aurtengo uda tenperatura aldetik aurreko urteetakoa baino zertxobait leunagoa izan dela ondorioztatu daiteke. Iaz, esaterako, 39,1 gradukoa izan zen sasoi honetako tenperaturarik altuena; aurten, aldiz, 37 gradu neurtu ziren gehienez (Ordizian), ekainaren 21ean, hau da, uda ofizialki sartu berritan, eta udaberriko azken egunetako joerari jarraiki. Beste egun askotan ere goi aldean ibili dira termometroak Goierriko udan, baina iaz baino gutxiagotan. Izan ere, ekainaren 21etik irailaren 22ra bitartean 12-15 bat egunetan gainditu dira 30 graduak eskualde osoan (26 egun iaz). Aldiz, beste 35 bat alditan termometroek ez dute lortu 20 graduraino iristea, iaz baino 10 egun gehiagotan. Uztailaren lehena urruti geratu zen 20 gradutik, egun hartan tenperaturak ez baitzuen 13 graduak gainditzea lortu Legazpin.
Minimei dagokienez, erregistrorik baxuena Legazpin jaso da:?5 gradu eskas irailaren 21ean. Meterologikoki udazkena sartuta zegoen ordurako ordea.
Euri jasa Legazpin
Udan euria egingo zuela iragarri zuten pronostikoek, eta ohikoa baino gehiago egin du, batez ere abuztuaren bigarren erdial-dean eta irailean. Iaz Goierrin batez beste 130 litro jaso baziren, aurten, ekainaren 21etik irailaren 22ra bitartean 215 litro egin ditu.?Ez da izan, ordea, orain arteko udarik euritsuena, hori 1953koa izan zen eta. Orduan 337 litro jaso ziren Legazpin –1945etik gaur egunera arteko datuak daude gordeta–.
Legazpin, hain zuzen, uztailaren 18ko 18:00tan, ekaitz bortitz batek lagunduta bota zuen euri jasa eta txingorra aipatu behar dira. Hamar minutuan metro koadroko 16 litro neurtu ziren eta herriko argindarraren horniduran etenaldiak eragi-teaz gain, Plazaola kalearen behe aldea urak hartu zuen.
Udazkena, suabea
Uda kontuak joan dira, beraz, eta dagoeneko udazkena bete-betean sartuta dago, azken asteburuko tenperatura altuek eta giro bikainak bestelakoa aditzera eman duten arren. Datozen asteetan eta hilabeteetan izango denari buruz galdetuta, horrela dio Alonso Frances Legazpiko estazioko datuak jasotzeaz arduratzen denak:?«Nik uste dut udazkena suabea izango dela, eta tenperaturak gora eta behera ibiliko direla, hau da, muturretan: egun batzuk beroak izango dira, eta hurrengoak hotzak. Kontuz katarroekin!!».