Sagardoarekin akordatzen garenean, sagardotegiak, kupelak eta txuletak datozkigu burura. Uda amaitu berri da eta oraindik hilabeteak geratzen dira sagardoaren denboraldia hasteko. Ezkiotik gertu bizi direnak, ordea, sagardoa hitza entzun eta sagardotegiak gogora ekartzeaz gain, Igartubeiti baserri museaorekin ere oroitzen dira. Are gehiago, Sagardo Astea ospatzen ari diren honetan. Aurten gainera, betikoaz gain, eskaintza berriekin ere badator; Cider Truck sagardotegi ibiltaria izango da nobedadea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismo sailak, Txotx, euskal bizipen gastronomikoa sagardotegien sustapen kanpaina berria aurkeztu zuen maiatzean, Gipuzkoar Sagardogileen Elkarteak, Sagardoaren Lurraldeak eta Behemendi Donostialdea Bidasoako Landa Garapenerako Elkarteak lagunduta.
Txotx! ibiltaria
Sagardotegia zer den eta sagardotegian sortzen den giroa ezagutzera ematea da Cider Truck ibiltariaren helburua. Txotx! kalitatezko esperientziaren berezitasuna eta gure lurraldearen esentzia irudikatuko ditu. Ibiltari izateak, berriz, sagardotegi sarearen kontzeptua indartzen du eta bide batez, sagardoaren kultura ezagutu, dastatu eta esperientziarekin gozatzeko bidea izango da.
Cider truck-ek, sagardotegi bat dirudi, bertan, Txotx! deialdiaren esperientzia senti daiteke. Txotx! egitea kultura eta natura uztartzen dituen euskal ohiturazko usadio gastronomikoa da. Igartubeitin, asteburuan eta San SebastianExplore Region-en eskutik ezagutu ahal izango dute bisitariek Cider Truck sagardotegi ibiltaria. Bertan, sagardoa eta Bertatik Bertara inguruko baserritarren elikagaiak dastatzeko aukera egongo da; Idiazabal gazta, intxaurrak,artisau ogia eta gailetak, dastatu ahal izango dira.
Urriaren 13ra bitarte
Igartubeitiko dolarea beste behin ere martxan jarriko da Sagardo Astearen 16. edizioaren harira eta horrela, sagardoa egiteko duela 500 urte erabiltzen zen teknikaren esperientziaz gozatzeko aukera izango dute bisitariek. Igartubeitira gerturatzen direnek, esperientzia desberdinez gozatu ahal izango dute; zanpaketetaz, antzezpenetaz, kirikoketaz eta sagar erakusketaz.