Minbizia duten emakume askok ilea galtzen dute, baina denek ezin dute ileorderik erosi garestiak direlako.
Urria arrosa kolorez jantzita dago, bularreko minbiziaren inguruan sentsibilizatzeko hilabetea delako. Hainbat kanpaina eta ekitaldi egiten dira urtero hilabete honetan zehar, baina badira beste batzuk urte osoan etengabe egiten direnak edo indarrean daudenak. Horietako bat da Ile motots solidarioak (Mechones solidarios). Goierriko hiru ile apaindegi ari dira parte hartzen egitasmo horretan, eta hainbat eta hainbat emakume hurbiltzen dira horietara bere ilea emateko helburuz.
Ileordeak egiteko ilea
Bularreko minbizia jasaten duten emakume gehienek, beste minbizia mota batzuk dituzten askok bezala, ilea galtzen dute jasotzen duten kimioterapiaren eraginez, baina batzuk ez dute ileorderik erosteko baliabiderik, ileordeak garestiak direlako, batez ere ile naturalarekin egindakoak. Horren aurrean, Arte e Imagen nazioarte mailako ile apaindegi elkarteak ekintza solidario bat jarri zuen martxan 2013an, jendeak bere ilea eman zezan eskatuz, beharra dutenei utziko zaizkien ileordeak egiteko.
Ile apaindegi ugari elkartu dira egitasmo horretara, 500dik gora Espainia osoan. Goierriko hiru ere kolaboratzaileak dira: Ordiziako E.R. Matxain, Zumarragako Amaia eta Urretxuko M.E. Cuadrado.
Ileorde solidarioak egiteko bere ekarpena egin nahi duenak ile apaindegi horietara joan eta ilea prezio sinboliko baten truke moztearekin bat, moztutako hori eman besterik ez du egin behar. Ile apaindegia arduratuko da gero motots solidarioen ekimeneko arduradunei bidaltzeaz. Aurretik moztuta eta gordeta dauden mototsak ere jasotzen dituzte ile apaindegiek. Ileordeak beharra dutenei helarazten zaizkie gero.
Edozein ilek balio du donazioa egiteko:?lisoak, kixkurrak, koloreztatutakoak… baldintza bakarra da 20 zentimetroko luzera izan behar duela.
Ile apaindegiak
Hiru dira Goierrin mototxa solidarioaen egitasmoan parte hartzen ari diren ile apaindegiak:
- E.R. Matxain, Ordizia. Telefonoa: 943 88 10 35.
- M.E. Cuadrado, Urretxu.Telefonoa: 943 72 61 95.
- Amaia, Zumarraga. Tel.: 943 72 38 53.
Informazio gehiago: www.mechonessolidarios.com.