Argazki erakusketa berezia dago ikusgai Beasaingo Igartza jauregian egun hauetan. Berak eta bere aitak eta bere aitonak ateratako irudiak elkartu ditu Fernando Labordek, hiru belaunaldien zaletasunari lekukotasuna emanez.
Argazkilaritza bogan dagoen zaletasuna da gaur, azken puntako teknologia lagun, baina garai batean ere lantzen zen, baliabideak urriagoak baziren ere. Horren lekuko, Beasaingo Igartza jauregian igandera arte ikusgai egongo den erakusketa da:?Laborde familiako hiru belaunaldien argazkiak, 50 irudi guztira.
Fernando Laborde Abasolo (Beasain, 1934) da erakusketaren egilea eta bertan, bereak ez ezik, bere aita Victorianok eta bere aitona Felicianok egindako argazkiak ere jarri ditu ikusgai.
XX. mendearen hasierara
Laborde familiaren argazkien lehen lekukotasuna XX. mendearen hasieran aurkitzen da. Feliciano, Fernandoren aitona, izan zen familian argazkiak ateratzen lehena. 13×18 zentimetroko kristalezko plakak erabiltzen zituen, eta garai hartako harribitxi bat baino gehiago daude ikusgai Igartzan. Tartean dago 1900 eta 1910 urteko arteko bat, Loinatz jaietan ateratakoa. Oñatin, Beasainen, Ordizian… ateratako irudiak ere badaude, zortzi guztira.
Felicianok haren seme Victorianori transmititu zion zaletasuna, eta horrek ere, Fernandoren aitak, landu zuen argazkigintza. Bere bi argazki daude erakusketan: 1953ko urrikoa da bat, etxeko leihotik ateratakoa, urte hartan izandako uholdeen testigantza grafikoa hain zuzen. Bigarrena, Francok CAF lantegira 1950eko hamarkadan egindako bisitaldiarena da.
Mendia eta bidaiak
Fernando da, oraingoz, Laborde argazkilari kate honetako azken maila. Bera izan da aitonaren eta aitaren zaletasunari segida eman dion bakarra, aita Victorianok etxean muntatuta zuen laborategi txikiari probetxua ateraz.
Lanean 14 urte zituela hasi zen;?hainbat lanbide izan ditu gerora 60 urterekin jubilatu arte:?CAFen laborategian eta tornulari ikasle;?Aristrain eta Marques enpresetan; zerbitzari Beasaingo Bahia tabernan eta Ordiziako Miami dantzalekuan, Poyam-en eta Dogan burdindegian eta, azkenik, Laboral Kutxan. Hemen 20 urte egin eta gero jubilatu zen. Egunkari baterako argazkilari bezala bost urtetan ere egin zuen lan.
Familia osatzeko –Mari Cruz Goñirekin ezkondu eta 4 seme-alaba izan zituen–, poesia idazteko, mendira joateko eta bidaiak egiteko tartea ere izan du Fernando Labordek. Azken bi zaletasun horiek uztartu ditu argazkigintzarekin: mendiak, paisaiak, eraikuntzak… erretratatu ditu, hasieran zuri-beltzean, azken aldian koloretan.