Udazkeneko Musika Zikloaren 32. ekitaldia egiten ari dira Urretxuko Tourseko San Martin elizan. Udalak antolatzen du, Urretxuko eta Zumarragako Goiargi abesbatzarekin batera. Asteburuan Indonesiako ahotsen txanda izango da.
Urretxuko Udazkeneko Musika zikloaren 32. ekitaldia da aurtengoa. Zikloak hainbat berezitasun ditu. Beti egiten dute Tourseko Martin Deunaren elizan, bere egurrezko sabaiek zein harrizko hormek sortzen duten akustika ezin hobea bidelagun. Beti Tolosako abesbatza lehiaketan aritutako koruren batek parte hartzen du data beretan ospatzen direla baliatuz; hala, udazkeneko zikloak nazioarteari ateak irekitzen dizkio urtero-urtero. Beti Goiargi abesbatzak egiten du zikloa ixten duen kontzertua.
Zikloa hasita dago jada eta etzi, igandearekin, Indonesiako Saint Angela Choir taldeak kantatuko du Tourseko Martin Deunean, 19:00etan. Tolosako txapelketan parte hartu eta gero, haurrek osatutako abesbatzak Urretxun kantatuko du. Korua eskolaz kanpoko jarduerei esker sortu zen eta, gaur-gaurkoz, Indonesiako abesbatza ezagunenetakoa da. Zuzendaria Roni Sugiarto da.
Azaroaren 12an itxiko du zikloa Goiargik. Antonio Reyk 1982an sortu zuen Urretxuko eta Zumarragako ahotsekin. Orduz geroztik abesbatzaren xedeetako bat musika zabaltzea izan da. Helburu horri lotuta dago Urretxuko Udazkeneko Musika Zikloa sorreratik sustatu izana.
Goiargi ahots zurien abesbatza gisa sortu bazuten ere, 1984an Xabier Barriola zuzendariaren eskutik ahots nahasien koru gisa egin zuen aurrera.
Abesbatza 40 bat lagunek osatzen dute eta Urretxuko Udazkeneko Musika Zikloan egiten duten emanaldia urteko hitzordu nagusienetakoa dela dio Javier Arratibel zuzendariak, «urtean zehar lantzen ditugun nobedadeak aurkezteko plaza da».
Aurten 450 urte dira Claudio Monteverdi musikagilea sortu zela eta Tourseko Martin?Deunean haren pieza bat kantatuko dutela aurreratu du Arratibelek; «polifonia eta folklorea ere jorratuko ditugu guretzat zein ikusleentzat kontzertu gustagarria egiteko asmoz».