Santa Lutzi egunean gehienek Tapia eta Leturiak abesten zutena egiten dute: hik lan eta nik jai. Gutxi batzuek, ordea, gogor lan egiten dute. Horien lanari esker, besteek festaz goza dezakete. Hona hemen GoiBerriren omenaldi txikia Goierriko azoka handiena aurrera ateratzen dutenei: bi herrietako brigadetako langileak, udaltzainak eta kultur teknikariak.
Lanean hasten lehenak kultur teknikariak dira. «Uztailean hasten gara. Planifikazioa egin behar da, tasak zehaztu eta komunikatu, ehunka postu ordenatu… Bi herriak merkatu handi bat bihurtzen dira eta sekulako azpiegiturak behar dira. Horretarako, brigadaren eta munizipalen laguntza behar dugu. Ogasunekoek ere lan asko egiten dute», azaldu du Miren Castillo Urretxuko kultur teknikariak.
Santa Lutzi eguna «eromena» dela dio. «07:00etarako hasten gara eta errefortzuak izaten ditugu. Saltzaileak kokatu behar ditugu, eremu ezberdinak kontrolatu, aktak jaso, aktak prentsari bidali, gauzak jaso… Lan asko egin behar da eta azkar, gainera. Feriak sekulako arrakasta du, baina bi udalek sekulako esfortzua egiten dute». Horri esker, jendeak egun ederra igarotzen du. «Jendeari gauza bakarra eskatu nahi diot: erosketak egin ditzala. Baserritarrek primerako produktuak ekartzen dituzte. Ez dugu Santa Lutzi erakusleiho hutsa izatea nahi».
Brigadako langileak
Brigadako langileei dagokienez, Santa Lutzi eguna baino bi aste lehenago hasten dira muntaiarekin. «Lana urtero ia berdina da», azaldu du Patxi Lazkano Urretxuko obra eta zerbitzuburuak.
Gauzak pixkanaka aldatu direla dio. «Areizaga-Kalebarrenekoa asko jaitsi da. Lehen askoz ere oilasko gehiago ekartzen zituzten eta kaiola gehiago behar genituen. Karpa kontua ere asko aldatu da. Egun gurea dugu. Karpa muntatzeak lan handia ematen du. Guk Gernikako Arbola plazakoa muntatzen dugu. Gainontzekoak alokatu egiten ditugu eta enpresa horiek muntatzen dituzte».
Egunean bertan ere lan egitea tokatzen zaie. «Iparragirre kalean artisauentzat mahaiak jarri, hesiak jarri… Sariak banatu ondoren, ahalik eta azkarren jaso behar da dena enbarazu egin ez dezan. Artisauen mahaiak iluntzean jasotzen ditugu eta ardo azokakoak hurrengo egunerako prest uzten ditugu».
Gainera, saltzaileen beharrak asetzen saiatzen dira. «Gauza bat edo beste falta zaila esaten dute eta feriara etortzen direnak gustura edukitzearren, laguntzen saiatzen gara. Goizeko lehen orduak gogorrak izaten dira». Hori guztia gutxi balitz, biharamunean, parrandan egon direnek egindako triskantzak konpondu behar dituzte. «Urte batean Areizaga-Kalebarreneko sareta guztiak errekara bota zituzten, seina-leak haustea ohikoa da… Jendeari feriaz gozatzeko eta txikiziorik ez egiteko eskatu nahi diot», amaitu du.
Udaltzainek ere gogor lan egiten dute, Ramon Iturrioz Zumarragako udaltzainburuak argi utzi duen bezala. «Udaleko sail ezberdinen eta kanpokoen eskaera asko jasotzen ditut eta ehundik gora ordu ematen ditut dena antolatzen. Urrian hasten naiz».
Koordinazioa
Egin beharreko lanak zehaz-teaz gain, Ertzaintzarekin koordinatu beharra dute. Aurten, jihadisten aurkako neurriak hartuko dituzte:?Ertzaintzaren patrulla bereziak egongo dira. Gainera, trafiko aldaketen berri eman behar zaie herritarrei, autobus gidariei, suhiltzaileei, anbulantziei… «Lan zerrenda amaigabea da: hesiak jarri, kale batzuetan autorik egongo ez dela bermatu, seinaleak jarri, oharrak jarri…».
Egunean bertan, segurtasunaz arduratzen dira, jendearen zalantzak argitzen dituzte, trafikoa zaintzen dute, ganaduzaleen kamioien sarrera kontrolatzen dute… Udaltzaingoan hamabost lagun dira eta egun horretan guztiek lan egiten dute. «Egun gogorra izaten da. Baimenik ez dutenei postua kentzeko esan behar zaie, beti dago ondoezik jartzen den norbait, lapurreta salaketak egoten dira…».
Jendeari garraio publikoa erabiltzeko eta kartera ondo zaintzeko aholkatu dio.