Jose Antonio Basabek (Legazpi, 1945) urrezko domina irabazi zuen 1968ko Mexikoko Olinpiar Jokoetan. Pilotaria bera, euskal kirolak ofizialtasunik ez izan arren, erakustaldia egin zuten eta beste herrialde batzuekin lehiatu, irabazi eta domina jantzi zuten. Basabek ez dio garrantzi handirik ematen bere biografiaren pasarte horri, baina udazken honetan Legazpiko Udalak, domina irabazi eta 49 urte geroago, Kirol Saria eman dio. Karibe Berri tabernako ugazaba laguna du eta han egon da ikusgai Mexikotik ekarritako domina.
Noiztik gogoratzen duzu pilota bat zure eskuetan?
Fraideekin hasi nintzen, La Salle eskolan, hemen Legazpin. Garai hartan pilota nahiz baloia eskura genituen jostailuak ziren. Ni futbolean ere aritu nintzen, baina pilotan hasi, eta asko gustatu zitzaidan.
Zizurkilen jokatu nuen nire lehenengo txapelketa, hamasei urterekin. Jose Luis Barandiaran bikote nuela eliza ondoko frontoi txikian jokatu genuen. Aurrelari jokatzen nuen.
Beti bikotean eta aurrelari?
Hasieran bai. Soldadutza egiten ari nintzela hasi nintzen atzelari. Gasteizera joan nintzen soldadutza egitera. Hemeretzi urte nituen eta boluntario joan nintzen gure etxean kamioiekin lan egiten genuelako. Gasteizen, bidenabar, aitari kamioiak deskargatzen laguntzeko aukera izango nuelako.
Soldadutzan nengoela Crespo kapitaina pilota federazioko kidea zen eta jarrera ona banuen, berarekin arazorik ez nuela izango agindu zidan. Ez zidan trabarik jarri, areago, noiz edo noiz ni entrenatzen ikustera etorri zen. Gasteizko kantxa hartako zaindariak atzelari jartzea gomendatu zidan eta atzelari jarraitu nuen.
Afizionatu mailako txapelketetan hasi zinen.
Bai, Araba ordezkatzen nuen. Federazio arteko txapelketa jokatu nuen eta Madrilera ere joan nintzen, hirigunean da-goen Beti-Alai frontoira. Han bazegoen afizioa.
Mexikora joan aurretik, garaipen gogoangarririk?
1967an, pilota erronka bota zioten elkarri Lizarrako (Nafarroa) Txitxanek eta Zumarragako Aizpuruk. Partida hura Legazpin jokatu zen, frontoia inoiz ez bezala bete zen. Arratsalde hartan Erostarbe zumarragarrak eta biok ere jokatu genuen beste bikote baten kontra, eta irabazi. Ez daukat ahazteko.
Bestelakoan ni baino zaharragoak ziren jokalariekin aritzen nintzen. Errioxara joaten ginen asko. Behin baino gehiagotan bi partida jokatzen genituen asteburuko. Pilota, guretzat, diru iturria ere bazen.
Soldadutza amaitu eta Legazpira itzuli zinen.
Bai, hemen beste pilotari batzuekin erakustaldi bat egin genuen Mexikoko Olinpiar Jokoetara joango ziren jokalariak aukeratzeko. Pilota Federazioak proposatu zigun jokoetara joatea.
Zu joan zinen…
Bai, zorte handia izan nuen. Madrildik atera ginen El Españoleto izeneko hegazkinean. Olinpiar Jokoetan parte hartzera gindoazen 360 kirolariak elkarrekin joan ginen.
«Lehenengo txapelketa Zizurkilen jokatu nuen Barandiaran bikote nuela»
«Gazteizko kantxa hartako zaindariak atzelari jartzea gomendatu zidan; hala jarraitu nuen»
«El Españoleto hegazkinean 360 kirolari joan ginen elkarrekin Mexikora»
«Garai hartan eskuak babesteko esparatrapu pare bat baino ez genuen jartzen»
Ta behin hara iritsita nola moldatu zinen?
Arkumeak bagina bezala eraman gintuzten olinpiar hirira, nor bere apartamentura. Guk edozein kirol ikusteko baimena genuen eta egunero Mexiko DFko Asturiasko Etxera eramaten gintuzten gua-gua (autobus) batean, 30 kilometro ingurura zegoen eta gu hango frontoian entrenatzen ginen. Olinpiar hirira itzultzen ginen bazkaltzera. Hori zen gure eguneroko jarduna. Beste kirolak ikusi eta entrenatu. Jende asko etortzen zen gure entrenamenduak ikustera.
Pilota ez zen kirol ofiziala.
Ez. Guk erakustaldia egin genuen. Frantzia, Mexiko eta Espainiako taldeak lehian, nik Eskisabel izan nuen bikotekide, Olazagutiakoa. Finala mexikarren kontra jokatu genuen. Ez zait inoiz ahaztuko, gu 22 punturekin geundela eta mexikarrak 2 puntura zeudela, mexikar batek besteari hala esan ziola: «Anda Gregorio, halale que ya les vamos pillando» [barreak]. Urrezko domina ekarri genuen.
Pilotak Mexikoko Olinpiar Jokoetara joateko aukera eman zizun.
Bai, gaztea nintzen eta aukera zoragarria izan zen. Ni atera gabe nengoen apenas eta Mexikon 23 urte nituela eman nituen hogeita eta gehiago egunak itzelak izan ziren. Joko haietan Tommie Smith eta John Carlos atleta beltzak Pantera Beltzen keinua egiten ikusi nituen. Botere beltza erakutsi zuten eskumuturra altxatuta eta ni han izan nintzen hura ikusteko. Mexiko DFtik Acapulcora eta han uretara egiten dituzten salto ikusgarri eta arriskutsuak ikusi nituen.
Eta, etxera bueltan zer egin zenuen?
Madrilen harrera egin ziguten eta partida bat jokatu genuen eta telebistatik bota zuten.
Pilotan jarraitu zenuen?
Bai. Araba ordezkatzen jarraitu nuen eta profesionaletara salto egin nuen 1969ko urtarrilaren 5ean. Orduko enpresarentzat hasi nintzen, Enpresas Unidas. Lehenengo partida Ma-
drilekin jokatu nuen Pascual eta Berasaluzeren kontra; galdu egin genuen. Irailera arte ibili nintzen. Eskuekin aspaldi nenbilen gaizki eta pilota uzteko erabakia hartu nuen.
Takorik ez?
Garai hartan ez genituen egun bezala babesten, esparatrapu pare bat. Eskuetako minaz gain, pilota lanerako traba bihurtu zen.
Nolatan?
Ni kamioiekin lanean ari nintzen eta askotan etxetik deitzen zidaten partida bat nuela esateko. Legazpitik Madrilerako bidea egiten genuen kamioiekin Patrizio Etxeberriarentzat. Etxeko deia jaso, eta kamioia uzten nuen itzuli, eta partida jokatzeko. Gero, normala denez, materiala ez zen denboraz iristen eta lana ez nuen betetzen. Horri eskuetako mina gehituta, Ugarte jaunarengana joan nintzen, bera zen Empresas Unidaseko kudeatzailea, eta utzi egingo nuela esan nion. Ez zitzaion batere gustatu, baina utzi nuen.
Orduz geroztik pilota telebistatik jarraitu duzu.
Hasieran joan nintzen kideak ikustera, baina oso urduri jartzen nintzen. Telebistatik bai, jarraitzen dut pilota.