Legazpiko liburutegiak 50 urte bete ditu. Maria Lurdes Fernandezek (Araia, 1937) beste inork baino denbora gehiago eman du bertan lanean:?1977tik 2002ra liburuzaina izan zen.
Legazpin jaio al zinen?
Ez. Araian jaio nintzen. Aita Legazpira etorri zen lanera eta hiru urte beranduago, San Inazio auzoa egin zenean, familia guztia etorri zen. Nik 10 urte nituen. Ordutik, San Inazio au-zoan bizi izan naiz.
Zein ikasketa egin zenituen?
Oinarrizko ikasketak egin nituen eta ondoren kontabilitatea, mekanografia… ikasi nituen. Eskola Nazionaletako maistra gaixo jartzen zenean edo irten beharra zuenean, ordezkatu egiten nuen. 15 urte nituenetik 20 urte bete nituen arte ordezkapenak egin nituen. Ezkondu ondoren ere bai, noizean behin.
Nola gogoratzen duzu Legazpiko liburutegiaren sorrera?
1963ra joan behar da. Urte hartan hauteskunde modukoak egin ziren udaletxean sartzeko, lehenengoz gerra ondoren, eta guraso elkarteak hautagaitza aurkeztu zuen. Nire senarra, Jose Mari Urtzelai, Hezkuntza zinegotzi izendatu zuten. Kultura oso garrantzitsutzat zuenez, liburutegi bat irekitzeko eman beharreko pausoengatik galdetu zuen. Egin beharreko gestio guztiak egin zituen, udalaren babesarekin, eta Madrilek liburutegia irekitzeko baimena eman zuen. Udaletxea berritu berri zuten eta liburutegia beheko solairuan jarri zuten, kartzela zegoen tokian. Lehen liburuzaina Nikolas Gonzalez de Langarika izan zen.
Noiz hasi zinen zu liburuzain lanetan?
Azterketa bat egin zuten eta beste pertsona bat hartu zuten. Hark utzi zuenean, niri deitu zidaten. Liburutegiak bi sail zituen: haur eta gazteena, eta helduena. Nik helduen sailean lan egin nuen. Haurren eta gaztetxoen sailean Arantxa Aiastuik lan egiten zuen. Lankide bikaina izan zen. Haurrekin xarmanta zen.
Nolakoa zen garai hartan liburuzainen lana?
Dena eskuz egiten genuen. Jende asko etortzen zen, batez ere haurren eta gazteen sailera. Esker oneko lana zen, irakurleekin harreman bikaina baikenuen. Ahalik eta zerbitzu onena ematen saiatzen ginen. Garai hartan ez zegoen Internetik eta entziklopediak, urtekariak, aldizkariak… erabiltzen genituen informazioa lortzeko.
Udaletxean egon al zineten kultur etxea ireki zen arte?
Ez. Lokal hura txikia gelditu zen eta haurren eta gazteen saila Latxartegiko eskoletako beheko solairura eraman zen. Ondoren, Patrizio Etxeberriak La Salle ikastetxean zuen liburutegira eraman zen. 1980an kultur etxera etorri ginen.
Kultur elkarte batzuk hilero liburutegian elkartzen ziren eta kultur etxearen irekiera bultzatu zuten. Gipuzkoako lehen kultur etxea izan zen eta liburutegiari solairurik onena eman zitzaion. Kultur etxea ireki zenean ministerioak disko batzuk eman zizkigun eta fonoteka irekitzea erabaki genuen. 16 kabina zeuden. Fonotekaren arduraduna Salus Aranburu zen. Kultur etxeko aretoan antolatzen ziren ekitaldi guztiak grabatzen zituen.
«Legazpiko lehen liburutegia udaletxean jarri zuten, kartzela zegoen tokian»
«Topaketa bat antolatu genuen, ez baikenekin besteek nola lan egiten zuten»
«Liburutegira joaten naizenean, bertako langileei eskerrak ematen dizkiet»
Zuen garaian ekitaldi asko antolatzen al ziren liburutegian?
Lankideon arteko harremana bikaina zen. Ekitaldi asko antolatu genituen: ikastetxeekin hartu-eman estua genuen, irakurketa talde bat genuen, Liburuaren Astea antolatzen genuen, idazleak ekartzen genituen (Andu Lertxundi eta Raul Guerra Garrido, besteak beste)… Gainera, haurtxoentzako liburutegia, komikien gela, helduentzako irakurketa gela… ireki genituen.
Gainontzeko liburutegiekin harremana al zenuten?
Ahalik eta ondoen lan egiten genuen, baina ez genekien inguruko liburutegietan nola lan egiten zuten. Donostiako bi liburuzainekin harreman estua genuen, ordea: Susana Sotorekin (egun San Telmo museoko zuzendaria da) eta Concha Chaosekin (haur eta gaztetxoen liburuzain bikaina zen). Bi lagun horiei liburuzainen topaketa bat antolatzea proposatu genien. Helburua liburuzainok elkar ezagutzea eta elkarrengandik ikastea zen. Lehen bilera Legazpin egin genuen. Bilera haietatik Liburuzainen Elkartea jaio zen.
Zertarako sortu zen elkarte hau?
Elkarte honek egindako lanari esker, formazioa jaso genuen. Ikastaroak, hitzaldiak, jardunaldiak… antolatu ziren. Kataluniako, Madrilgo, Salamancako… adituak etorri ziren. Liburutegi oso garrantzitsuetako arduradunak ziren eta asko irakatsi ziguten.
Asko aldatu al zen liburutegia zuk bertan lan egin zenuen 25 urteetan?
Koldo Mitxelena kulturunearekin elkarlana hasi genuen, ordenagailuak eta Internet iritsi ziren, liburutegiko funtsak informatizatu genituen, Euskadiko liburutegien sarea sortu genuen…
Asko irakurtzen al duzu?
Irakurtzea asko gustatzen zait, noski. Jose Marik liburuek ikasteko eta kritikoa izateko balio zutela esaten zuen. Nobelak eta entseguak irakurtzea gustatzen zait. Entseguak nobelak baino sakonagoak dira, baina nobelak irakurriz ere asko ikasten da. Jose Luis Sampedroren La mirada etrusca asko gustatu zitzaidan. Gabriel Garcia Marquez ere oso gustuko dut. Batez ere, Cronica de una muerte anunciada liburua. Julian Marias aita, Adela Cortina… Idazle ezberdinak ezagutzea gustatzen zait. Idazle baten bi liburu irakurri ondoren, beste bat aukeratzen dut.
Legazpiko liburutegiko erabiltzailea al zara?
Bazkidea naiz, noski, baina azkenaldian etxean ditudan liburuak irakurri ditut. Hori bai, liburutegira joaten naizen bakoitzean, bertako langileak zoriontzen ditut eta eskerrak ematen dizkiet egiten duten lan bikainagatik. Legazpiko liburutegia zoragarria da. Teknologia berrienak ditu.
Amaitu aurretik, legazpiarrei beraien liburutegia ezagutzera joateko eskatu nahi diet. Urrian nire senarra hil zen eta ez naiz nire bizitzako garai onena igarotzen ari, baina elkarrizketa hau eman beharra nuela sentitu dut: liburutegiari buruz zelako, eta inguruko komunikabi-deak Jose Marirekin beti oso ondo portatu zaretelako.