Hiru milioi gazte baino gehiagok parte hartu dute Erasmus izena duen programan. Modu horretan, hezkuntza programa bat baino, Erasmus fenomeno sozial eta kulturala bilakatu da, gazte askorentzat atzerriko herrialde batean bizitzeko lehen aukera izan baita. Horien artean daude Ordiziako Mondragon Unibertsitateko Goierri Campuseko Ingeniaritza mekanikoko hiru ikasle; Imanol Guerra (Ordizia, 1996), Bixente Gonzalez (Tolosa, 1996) eta Jon Etxezarreta (Beasain, 1996). Finlandian, Turku izeneko hirian, Tuas unibertsitatean egon dira lau hilabetez, «esperientzia berri bat bizitzeko» intentzioarekin, besteak beste.
Arrazoi bat baino gehiagogatik eskatu zuten hiru gazte horiek Erasmus programan sartzea, baina batez ere «bizi beharreko esperientzia bat» dela uste dutelako joan ziren. Horrez gain, Etxezarretak adierazi moduan, «beste herrialde batzuk eta jende berria ezagutzeko aukera ere» bada Erasmus. Edota Gonzalezek esan bezala, «gurasoen etxeko erosotasunetik ateratzeko eta independentzia hartzen joateko modua ere bada». Guerrak, berriz, «ingelesa praktikatu eta currikuluma aberasteko asmoak» ere aipatu ditu Erasmus programan sartzeko arrazoien artean. Dena dela, lau hilabete horietan bizitakoa «esperientzia paregabea eta errepikatzeko modukoa» izan dela nabarmendu dute hirurek.
Lehenengo eguna
Etxetik kanpo hainbeste denbora igarotzen zuten lehenengo aldia zen Goierri Campuseko ikasle hauentzat, eta joan aurretik «urduritasuna eta emozio handia» sentitu zuten. Sentimendu kontrajarriak, baina esperientzia berri baten aurrean zer aurkituko den ez jakitean oso arruntak direnak.
Beste herrialde batzuk eta jende berria ezagutzeko aukera eman die Erasmus programak
Gurasoen etxeko erosotasunetik atera eta independentzia zer den ikasteko ere balio izan die
Esperientzia oso aberasgarria izan dela eta berriro ere bueltatuko lirateke nabarmendu dute
Pasa den urtean, abuztuaren 18an iritsi ziren Turkura. Askori, ezer ez die esango egun horrek. Beste batzuk, agian, gogoratuko dute egun horretan atentatua egon zela Turkun bertan. «Autobusean gindoazen eta mugikorretan mezuak jasotzen hasi ginen», adierazi dute. Une hartan, ez zekiten oso ondo zer ari zen gertatzen, baina komunikabideak lehenengo albisteak zabaltzen ari ziren. Gizon batek, labana eskuan zuela, bi pertsona erahil eta zortzi zauritu utzi zituen Turku hiriko azokako plazan.
Gertatutakoagatik, eta galduta ibili zirelako, uste baino gehiago kosta zitzaien biziko ziren egoitzara iristea. Baina mutil azkarrak dira, eta segituan bilatu zioten konponbidea.
Bizipen ugari
Beste unibertsitate bateko hezkuntza sistema nolakoa den ezagutu, ingelesa hobetu, esperientzia berri bat bizi… eta, batez ere, «bizitzan bakarrik moldatzen ikasteko» balio izan die Goierri Campuseko hiru gazte hauei Finlandian pasatako egonaldiak. Gurasoekin bizi diren gazteak baitira, eta haien faltak «arazoen aurrean norberak irtenbideak bilatzen ikasteko balio izan» diela nabarmendu dute.
Ez hori bakarrik, orain arte ezagutzen ez zituzten toki asko ezagutzeko aukera ere zabaldu die hezkuntza programa honek. «Errusian, Estonian, Suedian, Danimarkan, Artikoko herri txiki batean eta Finlandian barrena toki ugaritan» izan dira, unibertsitateko ikasketak aurrera eramateaz gain.
Orain Euskal Herrian daude berriro ere. Erasmus programa amaitu berri dute eta etxera bueltatu dira; «pozik alde batetik, baina berriro ere Finlandiara bueltatuko» liratekeela aitortu dute, «esperientzia oso aberasgarria» izan baita haientzat. Beste ikasleei ere gomendatzen diete Erasmus esperientzia bizitzeko.
Hemengo martxa hartzen ari dira berriro ere pixkanaka-pixkanaka, eta bide interesgarria dute oraindik aurretik. Proiektuarekin hastekoak dira eskualdeko hiru enpresa garrantzitsutan.
Erasmus programaren 30 urteetan hiru milioi ikaslek parte hartu dute
Europar Batasuna osatzen duten estatu kideetako ikasleei beste estatu batean ikasketak egitea ahalbidetzen dien Erasmus izeneko programa 1987ko ekainaren 15ean jarri zen abian. Aurretik, sei urtez izan ziren Europako unibertsitate ikas-leen arteko trukeak probatzen, eta hasiera batean, Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua kontra izan arren, azkenean Erasmus programa indarrean jartzea lortu zen. Lehen ikasturte hartan, 3.244 ikaslek osatu zuten lehenengo Erasmus belaunaldia. Orain arte, 3 milioi gazte baino gehiagok bizi izan dute Erasmus esperientzia.
Programaren izena Erasmo Rotterdamgoaren omenez jarrita dago, baina, aldi berean, European Community Action Scheme for the Mobility of University Students izen ofizialaren akronimoa ere bada Erasmus.