Igande arratsaldean danborren hotsek hartuko dituzte Idiazabalgo kaleak. Kepa Oiarbide burubelarri ari da antolakuntzan, guztia espero bezala ateratzeko.
Haurren danborrada arrakasta handia duen ekitaldia da.
Bai, 33 urte beteko ditu aurten. Ni neu ere atera izan naiz urte askoan, umea nintzenean. 3 eta 11 urte bitarteko haurrek parte hartzen dute. 210 bat haur aterako dira aurten; udal korporazio txikiak eta konpainia desberdinek osatuko dute. Idiazabal bezalako herri txiki batentzat kopuru handia da hori.
Antolakuntzan noiz hasi zinen eta nola biziko duzu egun hori?
Orain dela 23 bat urte edo hasi nintzen antolakuntzan, beste herritar batzuekin batera. Urduritasunez eta emozio handiz bizi dudan eguna izan ohi da.
Helduen danborradarik ez al da egiten jaietan?
Haurren danborrada baino dexente beranduago hasi ziren helduen danborradarekin. Urte batzuetan, arrakasta handia izan zuen honek ere, plaza bete egiten genuen. Baina ondoren gainbeheran etorri zen, galdu zen arte.
Lana bai, baina parranda ere egingo duzu. Zein egun nahiago izaten duzu horretarako?
Kuadrillen eguna gustatzen zait. Oso giro polita egon ohi da.
Sasoi honetan parrandan ateratzeko hotz egiten du. Gomendio bat?
Ateratzeko gogoa izanez gero eguraldi txarra ez da arazo izaten. Dena den, trago batzuk edan eta guztia konponduta.