Igandean jokatuko da Legazpi-Gabiria rally-sprinta. Aurtengoa 20. edizioa izango da, Gabiriatik aterako da eta hainbat sorpresa prestatu ditu antolakuntzak. Faboritoak Barrenetxea, Txus Jaio, Casais eta Castro dira.
Gasolina usainak eta motorren hotsak hartuko dute asteburuan Legazpi eta Gabiria arteko Errege bidea, eremu horretako ohiko isiltasuna eta lasaitasuna hautsiz. Izan ere, badator Legazpi-Gabiriako rally-sprinta. Igandean jokatuko da eta denboraldiko lehena izango da.
Hitzordu borobila izango da aurtengoa, 20 urte beteko baititu. Urteurrena ez da halamoduz pasako, baina antolakuntzak ez du kontu gehiegi aurreratu nahi izan.
Sorpresak sorpresa, «maila handiko rally-sprinta» izatea espero du Jorge del Cid antolakuntzako kideak.
Rallyaren hastapenak
Rallya antolatzea baino, auto krosa antolatzea zen Jose Antonio Araneta eta haren aitaren asmoa, orain dela 21 urte Gabiriara iritsi zirenean. Horretarako, «zelai zabal baten beharra zuten eta ikusita hura posible ez zela izango, guztia bertan behera ez uztearren, rally-sprinta antolatzea pentsatu zuten», gogoratu du Del Cidek.
Urte hauetan guztietan aldaketa gutxi jasan duen proba da. Nabarmenena, ziurrenik, probaren norabidea izan daiteke. Lehenengo urte haietan, «bi norabideetan egin ohi zen, bi pasaera Legazpi aldera eta beste bi Gabiria aldera», adierazi du del Cidek. Azken aldian, berriz, urtetik urtera txandakatu da norabidea. Aurten, Gabiriatik hasi eta Legazpi aldera egingo dute, 6,5 kilometro inguruko ibilbidea. Kontrol gunea, hirugarren urtez, Legazpiko plazan kokatuko dute.
Sona handiko izen asko pasa da Errege bidetik. Guztietan bereziena 2008ko proba izan zen, 10. urteurrenarekin batera, World Rally Car motako hainbat ibilgailuk parte hartu baitzuten. Tartean izan zen Gorka Apalantza rally probetako piloto handia, eta irabazle nagusiak Santi Artetxe eta Sandra Fernandez izan ziren.
Zaletasun handia
Euskal Herri mailan, zaletu asko erakartzen dituzte rallyek. Legazpi eta Gabiriakoaren kasu, denboraldiko lehena izateak, agian, bultzada berezia ematen dio eta «igandean ere jende asko eta asko gerturatzea» espero du antolakuntzak. Euskal Herriko rally txapelketa zirkuitoaren barruan kokatzen da proba.
Jorge del Ciden esanetan, «Euskal Herri kanpotik datozen pilotoak eta zaletuak ere asko dira». Eta lehenengo kolpe batean ulertzeko zaila badirudi ere, Legazpi-Gabiria rally-sprintera gerturatutako jende kopuru handia izan zen 2008an antolakuntzak izandako arazo handiena. «8.000 lagunetik gora» kontatu zituen antolakuntzak. Bete beharreko segurtasun neurriak oso gogorrak dira horrelako proba bat antolatzeko garaian, eta urtetik urtera aldatzen joaten dira. Alde horretatik, 2008an, ikusle kopurua hain handia izan zenez antolakuntza «gainezka eginda» sentitu zen.
Beste alor batzuetan bezala, rallyen munduan ere izan du eragina krisi ekonomikoak. «Zaletasun garestia» dela aitortu du Del Cidek eta 2008az geroztik parte hartzean beheradaka izan zutela nabarmendu du, batez ere, «zilindrada handiko ibilgailuetan».
Baina badirudi azken urteetan berriro ere gora ari dela partaide kopurua. 70 bat aterako dira aurten. Faborito nagusiak Barrenetxea, Txus Jaio , Casais eta Castro dira.