Azken aldian albiste iturri da Asier Mendizabal artista ordiziarra. Izan ere, orain dela gutxi Otazu Fundazioak antolatutako eskultura monumentalaren Artweekend biurtekoan lehen saria irabazi zuen Crudo Zurzo lanarekin. Bestalde, Makotu izeneko erakusketa du jarrita Oteiza museoak Altzuzan (Nafarroan) duen zentroan. Erakusketa ekainaren 3a bitarte egongo da ikusgai.
Estokolmo eta Bilbo artean bizi da gaur-gaurkoz Mendizabal. Bilbon bizi bada ere, Estokolmoko arte institutu batean irakaslea da, eta hilabetean pare bat aste han ematen ditu. Bitartean, bestelako gauzetarako ere ateratzen du denbora. Burubelarri ari baita bere hurrengo proiektuetan lanean.
Oteizaren legatua
Mendizabalek berak argitu duenez, bizitzako momentu desberdinetan egindako lanak dira Makotu erakusketan ikus daitezkeenak. Baina ez hori bakarrik. «Denboran momentu desberdinetan egindakoak bakarrik ez, une pertsonal oso desberdinetan egindako lanak dira. Egoera desberdinei erantzuten dieten lanak dira», Ordiziako artistak azpimarratu duenez.
Izenburuari dagokionez, ondorengoa argitu du Mendizabalek; «Incurvar hitza irakurri nion behin Jorge Oteizari berari eta hortik abiatuta dator Makotu. Euskarazko hitza da eta ederki definitzen du proiektua».
Obrak ez ditu aleka zenbatzen Mendizabalek, baina guztira lau dira proiektu honen barruan aurkeztutako lanak: aldez aurretik eginda zeuzkan hiru eta proiektu konkretu honetarako sortutako beste bat. Hori zen hain zuzen ere Oteiza museoak Ordiziakoari egin zion gonbidapena.
«Incurvar hitza irakurri nion Oteizari, eta hortik abiatuta dator Makotu»
«Monumentuaren inguruko kezka edo arazoa nolabait hausnartzeko balio izan dit honek»
Asier Mendizabal, artista
Oteizaren hainbat lanen hausnarketak dira. Obra horien lanketa egiten, 2008. urte inguruan hasi zen eta beste toki batzuetan aurkeztutakoak dira. «Erakusketa honetarako berreskuratu eta birkontzeptualizatu edo berridatzi» dituela argitu du Mendizabalek.
Horietako bat Bentahandi izenekoa da. 2008-09 urte inguruan Londresko galeria batentzat egindako lana da. Veneziako Biurtekoan ere aurkeztu zuen. Oteizaren Pare mugikorra obraren inguruko gogoeta formaletik abiatutakoa da. Mendizabalentzat, Oteizaren lan bat aitzakiatzat hartu eta bere interesetara ekartzen zuen lehenengo aldia zela kontatu du. Bide batez, berak transmititu nahi zuena kontatzeko ere balio izan zion. «Monumentuaren inguruko kezka edo arazoa nolabait hausnartzeko balio izan dit».
Amaiera ‘Makotu’-rekin
Oteizaren lanarekin lotura zuzena duen hurrengo proiektua ere Euskal Herritik kanpo egin zuen. Mendizabalek berak aitortu duenez «gauza bitxia da, Oteizari lotuta eginiko lan guztiak, kanpora begira egin» baititu. Agoramakia Sao Paoloko (Brasil) Biurtekoan aurkeztu zuen obra bat da, eta Oteizak 1961ean Liman (Peru) Cesar Vallejoren omenez egin zuen eskultura du abiapuntutzat.
Erakusketari izena ematen dion obrarekin, Makotu-rekin, amaitzen da ibilbidea. Kasu honetan, obrak egiteko orduan Oteizari soberan gelditu zitzaion materialean jarri du begia Mendizabalek. «Pieza zati eta ebakinak dira, funtsean eskultorikoak, baina hondakin eta osatu gabearen lekukotasuna mantentzen dutenak, eta itxuraz artelanaren potentzial sinbolikoa ez osatzera kondenatuak izan direnak», nabarmendu du ordiziarrak.
Epaimahaiari gutuna
Makotu erakusketa osatzen duen beste lanetako batek Gutun bat bere helmugara iristen da du izena, eta « Oteizak Londresko lehiaketa batera bidalitako gutun baten inguruan egindako hausnarketa bat da».
Antza denez, Jorge Oteizak Preso politiko ezezagunarentzako monumentua izeneko lana Londresko lehiaketa batean aurkeztu zuen 1953an, eta epaimahaiak ez zuen bere lana aukeratu. Artista euskaldunak, haserre, gutun bat idatzi zien sekulakoak esaten.
«Gutun hori ordea ez zen sekula haien eskuetara iritsi, hara eta hona ibili zen, hainbat aldizkaritan atera zen publikatuta eta polemika ere sortu zuen», gogoratu du Mendizabalek. 50eko hamarkada hartan, ez zen hain erraza komunikatzea eta agian hori izango da epaimahaiak gutuna ez jasotzearen arrazoia. «Gertakari horri keinu bat egin nahian, behingoagatik Oteizaren gutuna inglesera eraman eta birpublikatu» egin zuen Mendizabalek.
«Oteizaren eragina, Euskal Herrian bertan eta kanpoan ez da nolanahikoa, eta proiektu honek agerian uzten du hori».