Aitor Calvillo
San Prontxio on, Iriondo! Hi ibiliko haiz ondo!Hala espero diat nik behintzat! Izan al hitzean Ordiziako bertso saioan? Kostata baina oztopo guztien gainetik azkenean lortu genian saioa burutzea. Elurra, haizetea, argindarra… denak kontra izan genizkian zorigaiztoko Errege Egun hartan. Baina oraingoan bai, antolatu eta egin diagu. Ni nire aldetik txalo zaparrada handi bat bidali beharrean nagok bertaratu ziren guztiei. Horiena guztiena bai meritua! Eguraldiari bizkarra eman eta zintzo-zintzo munduko bertsolaririk onenak ikustera Ordiziara. Bejondeizuela!
Eta bertsolariek ere eurenetik onena eman zutela ezin ukatu. Dotore joan huan nire ustez saioa. Sarriegik ere jaso zian ezustean bertso eskolakoen eskutik oparia eta ederki eskertu honek. Maialenek ere utzi zetian zenbait harribitxi eta horietako batekin behintzat geratu nitxoan ni: «ETB Tele 5-ren kopia bat besterik ez da». Joño! Pentsatzen hasi eta bazeukak arrazoi puntua! Hala ere, Herri txiki, infernu handi bezalako saioak nabarmendu nahiko nizkikek nik. Poza ematen dik Euskal Herriko txoko askotan ditugun altxorrak argitara ateratzea, haiek entzutea. Gabiriako kasuan horiek bai euskaldun jatorrak. Hitanoz eta gaztelaniako terminoak sartuta (leche entera…). Eta zer? Ez al dek hori normaltasuna?
Hala euskararen normalizazioari begira hobea dek Aiaraldeatik iritsitako notizia? Artziniegako Udalak (Araba) bertako euskarazko hedabidea diru laguntzarik gabe utzi dik aurtengo aurrekontuak aurrera egiteko EAJ-k PP-rekin akordioa sinatu ostean. To! Euskara lehia politikorako erabili ditek bertan. A zer etorkizuna! Eskerrak ingurumari honetan bestelakoak ere badiren eta, adibidez, poza eman zidan orain gutxi Itsasoko herritarrek (herri burujabea) auzolanerako erakutsi duten gaitasuna. Auzolana galduta zegoelakoan nengoen baina…
Asier Iriondo
Ez nintzen Ordiziako saioan izan, baina, duela ordu erdi piztu dut Goierri Telebista, eta Unai Agirre ari zen azken agurra kantatzen. Ondorengo agurrak eta Aitor Sarriegiri GoiBek egindako omenaldi ederra ikusi ditut.
Saioa bukatu denean, nahi gabe, Tele5 jarri dut eta, nahi gabe, pixkatxo batean, Factor X programari begira egon naiz. Laura Pausini eta Risto Mejide ezagutu ditut. Beste bi epaimahaiko ere baziren. Ez dakit nondik hartu duten eredua, baina, Bagoazen antza hartu diot. Neuk nahiago dut originala eta originaleko jendea. Joan den astean, Gure Esku Dago ekimenak aurkezpena egin zuen Legazpin eta, parte hartzaileen artean izan ziren, Bagoazeko Maria Redondo eta 3zpa4ko Mikele Arizkorreta eta Xegun Altolagirre. Nire jendea dira. Risto eta Laura beraienak dira.
Aiaraldeako euskaldun jatorrak ere atera ziren Herri Txiki Infernu Handi programan. Publiko aurreko atala Luiaondoko pilotalekuan grabatu zuten. eitb.eus-en ikus daiteke bertako berri. Eta aiaraldea.eus agerkarian ere bai.