Jone Dorronsoro (Legazpi, 1964) Legazpiko Udaleko kultur teknikaria da 1989tik. Urte pare bat beranduago hartu zuen Santikutz jaien ardura, eta horretan dirau geroztik.
Noiz hasten dira zuretako Santikutz festak?
Urtekoak bukatu orduko hurrengoak buruan izaten ditut. Balorazio bilera egiten dugu eta gero, urte guztian presente izaten ditut festak eta adi egoten naiz zerbait ikusten badut hurrengo urtean Legazpira ekartzeko. Baina ofizialki lehenengo bilerak otsailean izaten dira.
Nola antolatzen dira festak?
Lan talde bat dago. Danborradak bezalako ekitaldi finkoen arduradunekin bilerak hasi aurretik hitz egiten dut;?gero deialdia egiten zaie herriko kultura, gazteria, hezkuntza edo gizarte talde guztiei eta herritarrei, egitaraua antolatzeko. Guztien iritziak hartzen dira kontuan, baina proposamen guztiak ez dira aurrera joaten.
Jai egunetan lan egin duzu.
Bai. Ekitaldi guztiak gainbegiratu behar ditut, batez ere kanpoko kontratazioak direnean eta azken urteetan, sare sozialetan ekitaldien berri zabaltzea ere egokitzen zait.
Jaietaz gozatzen al duzu?
Gutxi. Oso urduri egoten naiz txupinazoaren aurretik;?behin jaietan sartuta, urduri jarraitzen dut, baina gutxiago. Udaletxeko brigada ere lanean izaten da festetan eta bere lana ezinbestekoa da eta asko eskertzen da, adibidez, eguraldiagatik ekintzak tokiz aldatzea erabaki behar bada, erabaki zaila delako.
Nola daramazu eguraldiarena?
Ikasi dut hainbeste ez arduratzen, eta bezperara arte ez dut begiratzen hurrengo egunean zer egingo duen. Maiatza udaberrian bete-betean dago, eta eguraldi oso ona egin dezake, baita oso txarra ere.
Zein da gehien gustatzen zaizun ekitaldia?
Larrain dantza eta Kapela dantza. Bietan parte hartzen dut.
Txikitako festetatik zer gogoratzen duzu gehien?
Herriko Umore Ona txaranga toki guztietan jotzen, eta barrakak ere bai, noski, nahiz eta oso barrakazalea ez nitzen izan, mareatu egiten nitzelako.
Eta gaztetakoak?
Berbenak. Kontradanborrada ere gogoratzen dut, eta lokaletan jartzen ziren tabernak, orduko txosnak: ikastolakoa bere oilasko erreekin, Oñatiko institutokoen zurrakapotea, Hots aldizkariaren taberna… Eta Hotserako lanean egindako ur-teak ez ditu ahaztu.
Jaietan kanpora joaten direnei zer esango zenieke?
Lantegi eta ikastetxeetan jai ematen dute. Zer esango diet ba? Gero ez daitezela kexatu herrian ez dela ezer antolatzen.
Eta kanpotik etortzen direnei?
Ongi etorriak izango dira, noski, baina festak bereziki herrira begira eta herritarrentzako antolatzen ditugu.