Hilaren 8an Gurutze Gorriaren Munduko Eguna ospatuko da. Jose Mari Baztarrika (Beasain, 1960) Goierri beheko Gurutze Gorriko lehendakaria da. Erakunde honek bere amari eskainitako laguntza eskertzeko laguntzen hasi zen eta 25 urte daramatza Goierri beheko buru bezala.
Noiz sortu zen Gurutze Gorria?
Gurutze Gorria Henri Dunant suitzarrak sortu zuen. Dunant 1828ko maiatzaren 8an jaio zen. Horregatik ospatzen da Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren eguna maiatzaren 8an. Solferinoko batailaren ondoren sortu zuen Gurutze Gorria, 1859an. Solferino inguruko herrietara joan zen, zaurituak sendatuko zituzten emakumeen bila. Aberatsa zen eta ia bere aberastasun osoa eman zion Gurutze Gorriari. Egun, mundu guztian gaude. Gure egoitza nagusia Suitzan dago, noski. Genevan museo bat dugu.
Noiz sortu zen Goierri beheko Gurutze Gorria?
1974an. Baina Gurutze Gorriak lan asko egina zuen ordurako Goierrin. Lehen esku-hartzea Bigarren Gerra Karlistan izan zen, 1872an. Santa Kruz apaiza nafarrekin etorri zen eta Beasaingo geltokiko faktorea bagoi batean sartu eta su eman zion. Zergatik? Trenik ez ateratzeko agindua bete ez zuelako. Geltokia egurrezkoa zen eta bagoiarekin batera su hartu zuen. Zauritu asko egon ziren eta Nafarroako Gurutze Gorriko lagunak zaurituak artatzera etorri ziren. Ordurako Gipuzkoan ere bageunden, baina itsasoan lan egiten genuen batez ere.
1936ko gerran ere Goierrin egon al zineten?
Bai. Beasainen ospitale bat ireki genuen. La Salle ikastetxean, hain zuzen ere. Cesareo Ugarte beasaindarrak orduan bukatu zituen mediku ikasketak eta berak hartu zuen ospitalearen ardura. Fraideek eta emakume boluntarioek erizain lanak egiten zituzten. Bi bandoetako zaurituak artatu genituen. Ez dugu sekula bereizketarik egiten.
Zer egin zenuten 1936ko gerratik 1974ra bitartean?
Hainbat ekintza antolatu genituen, Donostiakoen laguntzarekin. 1974an, Beasaingo gazte talde batek Goierriko batzarra sortu zuen.
Zein da 44 urte hauetan egindako bidea?
Izugarri hazi gara. Hasieran sorospen lana bakarrik egiten genuen, errepidean. Egun, ordea, arlo soziala da garrantzitsuena. Dena den, osasun zerbitzua ere oso garrantzitsua da. Lau anbulantzia ditugu eta bosgarrenaren zain gaude. Lan asko dugu. Izan ere, Goierrin lan egiteaz gain, beste eskualde batzuetan gure beharra badute, hara joaten gara.
Egun, zein baliabide dituzue?
Hiru lokal ditugu Beasainen. Salbatoreko industrialdean biltegia dugu. Bertan, anbulantziak gordetzen ditugu eta guardian dauden boluntarioentzat oheak daude. Beste lokal bat elikagaiak banatzeko erabiltzen dugu.
«1936ko gerran ospitale bat ireki genuen Beasainen: Cesareo Ugartek hartu zuen ardura»
«Goierri beheko Gurutze Gorriak 1.000 bazkide eta 250 boluntario ditu»
«Boluntarioek beraien aisialdi denbora ia guztia Gurutze Gorriari ematen diote»
Zenbat boluntario dituzue?
1.000 bazkide baino gehiago eta 250 boluntario inguru ditugu. Azken hauen artean, erizainak, medikuak eta Gurutze Gorrian formatutakoak daude, besteak beste. Beraien aisialdi denbora ia guztia Gurutze Gorriari ematen diote. Eskertzekoa da, benetan. Bazkideei dagokienez, gehiago eduki beharko genituzkeela uste dut. Bazkide gehiago bagenitu, askoz ere egitasmo gehiago aterako genituzke aurrera. Niri, pertsonalki, arrisku egoeran dauden familiei laguntza handiagoa ematea gustatuko litzaidake. Aurtengo Beasain Jaietan aldizkarian herritarrak gure familia handi honetan sartzera animatu behar ditut.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?
Hilero Goierriko 600 bat familiari elikagaiak ematen dizkiegu eta argindarra, gasa eta ura ordaintzen dizkiegu. Gainera, eskola materiala ematen diegu eta Gabonetan haurrentzat jostailuak. Bestalde, etorkinei lana bilatzen laguntzen diegu, formakuntza eskaintzen dugu (gure ikasleen %90ek lana aurkitu dute), familiei adinekoak zaintzeko laguntza eskaintzen diegu… Osasun zerbitzuari dagokionez, eskatzen diguten guztia egiten dugu: 112 zerbitzua, txirrindulari lasterketak, futbol partidak, Ehunmiliak, Zegama-Aizkorri…
Garraio zerbitzua ere eskaintzen dugu. Mugikortasun arazoak dituztenak eguneko zentroetara, buruko osasun zentroetara, ikastetxeetara… eramaten ditugu. Goierriko ia 250 lagun garraiatzen ditugu egunero.
Zein da zuen aurrekontua?
Gure aurrekontua 500.000 eurokoa da. Ikastaroak dira gure diru iturri nagusia. Bazkideen kuotak, diru laguntzak eta enpresen laguntza ere jasotzen ditugu. Goierriko enpresek anbulantziak ematen dizkigute, Carrefour fundazioak eskola materiala ematen digu, Goierriko enpresetako langileek jostailuak ematen dizkigute… Gure aurrekontuaren %1 nazioarteko kooperazioari ematen diogu, beste %1 hondamendi handietara bideratzen dugu eta beste %1 garapenera. Ez gara gobernuz kanpoko erakunde bat, administrazioaren laguntzaileak baizik. Administrazioak egiten ez duena egiten dugu.
Zu noiz hasi zinen Gurutze Gorrian lanean?
1993an. Nire amak ospitalera joan beharra zuen hemodialisia egitera eta garai hartan hemodialisia oso gogorra zen. Gurutze Gorrikoek eramaten zuten Donostiara. Garai hartako Gurutze Gorriko lehendakariak, Juanjo Iturriotzek, laguntza eskatu zidan eta baiezkoa eman nion. Idazkari bezala sartu nintzen eta ondoren lehendakariordea izan nintzen.
Zer eskaini dizu Gurutze Gorriak?
Haserrealdiak izaten ditut, baina une gozoak askoz ere gehiago dira. Jendearen esker ona jasotzea sekulakoa da. Kaletik noala jende askok gelditzen nau eskerrak emateko. Horrek sekulako balioa du. Honetan hasi nintzenean ez nuen inork eskerrak ematea espero, eta horrek guztiak egiten dugun lanaz harro egoteko arrazoiak ematen dizkigu.
Liberatua al zara?
Ez. CAF enpresan lan egiten dut. Administraria naiz. Enpresari eskerrak eman nahi dizkiot, premia larriren bat dudanean lantegia uzteko aukera ematen baitit.