Kirol mota bat da orientazioa, XIX. mendean Eskandinavian sortua. Goierrin gero eta ezagunagoa da, Mendi Federazioaren barruan dagoen Gipuzkoako Orientazio Taldeak (GOT) antolatuta proba bat baino gehiago egin direlako azken urteetan. Asteburu honetan Zegama-Otsaurten dago bat.
Kirol guztietan bezala, orientazioak ere baditu bere ligak. GOTeko ordezkari Ibon Goikoetxeak hauek aipatu ditu: Ipar liga (Gaztela eta Leon, Asturias, Kantabria, Nafarroa, Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoa), Kluben artekoa, eta Pirinioetakoa (Katalunia barne). Zegaman asteburuan jokatuko den proba azken liga horretan kokatzen da.
Mapa eta iparrorratza dira orientazioaren funtsa Goikoetxeak dioenez, eta «pentsatu eta korrika egin» leloari jarraiki, «balizak aurkitzea da gure obsesioa». Mapak ezinbesteko elementua direla ere zehaztu du GOT-eko kideak, bereziak direlako, adituek mendian orientatzeko espreski egindakoak:?zuhaitzak, itxiturak… dena jasotzen dute.
Antolatzaileek ibilbide bat prestatzen dute, normalean mendian, eta altxorraren bila jokoan bezala, mapa eta iparrorratzaren laguntzaz ibilbide horretan gordetako balizak bilatzea da helburua, markatutako orden bati jarraiki. Pintza magnetikoen bidez kontrolatzen da balizatik igaro izana. Baliza guztietatik denbora laburrenean igarotzen denak irabazten du proba, eta horregatik da garrantzitsua mapa jasotakoan ondo aztertzea eta estrategia bat markatzea. Badira beste modalitate batzuk, rogaine adibidez –baliza bakoitzak puntuazio bat dauka eta denbora jakin batean puntu gehien lortzen duenak irabazten du–, Zegaman eta Urretxuko Irimon egindakoak. 24 orduko probak ere badira, Aralarren 2016an egindakoa bezalakoak.
Orientazioa familian egiteko moduko kirola dela dio Goikoetxeak: «Ez da oso exijentea, baina bai oso gomendagarria». Adinaren arabera, kategoria diferenteak ezartzen dira; probaren zailtasuna kategoria ezberdinei lotuta dago. Lehiaketetan edo proba ofizialetan, aldiz, bakarka parte hartu behar da.
Paraje hauetara duela gutxi iritsitako kirola izan arren, oso harrera ona izaten ari dela ere azaldu du, eta Zegamako asteburu honetako probetan (hiru izango dira), 300-400 partaide espero dira. Eskola kirolean ere txertatu dute azkenaldian.
Ibilbide iraunkorrak
Proba puntualez gain, Goierrin hiru orientazio zirkuitu iraunkor daude. Zegaman, Anduetza parketxetik abiatzen da eta bertan banatzen dituzte mapak;?Urretxun, Santa Barbara aterpetxean du abiapuntua;?eta Ataunen, Lizarrustiko parketxean.