Ni Naiz Hip Hop jaialdiak seigarren urtea du aurten eta beste behin ere egitarau bete-betearekin dator, Goierri eskualdean ere, hip hop-ak bere tokia duela erakutsi nahian. Izan ere, lehenengo ediziotik, arrakasta handia izan duen jaialdia da eta urtetik urtera gora egin du. Zumarragako jaien egitarauaren barruan falta ezin den ekitaldia da gaur-gaurkoz.
Gaur, 16:00etan ekingo diote Ni Naiz Hip Hop jaialdiari. Arratsalde osoan zehar, graffiti ikastaroa, break-dance ikastaroa eta txapelketa, haurrentzako tailerrak, skate txapelketa eta nola ez kontzertuak antolatu dituzte. Zumarragako Zelai Arizti pilotalekuan izango da hitzordua eta iluntzeko 23:00ak arte luzatuko da. Aurrekoetan bezala, gune irekian egingo da jaialdia eta doan izango da.
Lau elementuak bat
Hasiera-hasieratik, Ni Naiz Hip Hop antolatzen aritu den Agresion Verbal talde zumarragarreko DJ Sbansek adierazi duenez, «lau elementuk osatzen dute Hip-Hop-a: Rap-ak eta raperoak, DJak, grafitiak eta break danceak. Lau horiek osatzen dute Hip-Hop kultura». Kultura baino gehigo, «bizitzeko modua» dela argitzen du.
Amerikako Estatu Batuetan indar handiarekin mantentzen den mugimendua da, beste toki batzuetan behera egin badu ere. Euskal Herriaren kasuan, eta Goierri eskualdean modu konkretuan, mugimendu horren barruan musika talde ugari sortu dira azken urteotan eta bizitza estilo horrek nabarmen egin du gora adin tarte jakin bateko gazteen artean.
Zumarragan eta Urretxun, rap taldeak sortzen hasita zeudela ikusita zeuden gaur egun antolakuntzan aritzen direnak. Ez hori bakarrik, hip hop-aren kulturak ere bazituen hainbat eta hainbat jarraitzaile herrian. «Guk ere gure tokia hartu nahi genuen eta gustatzen zaigun hura gainontzeko herritarrei zabaldu nahian sortu zen Ni Naiz Hip Hop jaialdia eta elkartea», argitu du DJ Sbansek.
Lau elementu horiek mantentzen dituzten jaialdi gutxi dago gaur egun, baina Zumarragan «horri eutsi nahi» izan diote. «Ideia ez da beste toki batzuetan egiten duten moduan rapero oso ezagun bat ekarri, sarrera garesti jarri eta kitto. Hori baino gehiago eskaini nahi diogu herriari»,nabarmendu du DJak.
Kontzertuei dagokienez, kartelburu sonatu bat izango dute aurten ere; Breaker eta DJ Espin etorriko dira Granada aldetik. Herriko taldeek ere izango dute tokia nola ez. Throw Rap, Agresion Verbal eta Ghetto Skillz izango baitira.