Ordiziako D’elikatuz zentroak antzinako neurri eta pisu sistema ezagutzeko aukera eskaintzen du urrira arte ikusgai duen erakusketan. Metroa, kiloa ala litroa ezarri aurretik arroa, kana edo lakaria erabiltzen ziren garaira bisita da.
Oiloak edo arrautzak zenbatzea erraza da, baina nola zenbatu gari aleak edo nola neurtu olioa? Gizarteak antzinatik izan du neurketa sistema baten beharra trukeak edo salerosketak egiteko, eta horregatik asmatu zituzten pisu eta edukiera unitateak. Lurren jabetza eta eraikin handien eraikuntza hastearekin bat, berriz, azalera eta luzera neurrien beharra agertu zen.
Baina neurketa unitate horiek desberdinak izaten ziren tokian-tokian eta aldatuz joaten ziren denboran zehar;?horregatik, nazioarte mailan sistema bateratu bat ezartzeko beharra agerikoa zen. Saiakera bat baino gehiagoren ondoren, bateratze hori 1875ean gauzatu zen, Parisko Itunaren ondoren ezarritako Sistema Metriko Dezimalarekin.
Haren ondotik, anega, arroa, pitxerra, lakaria, kana, gizalurra… alboratu eta metroa, litroa edo kiloa erabiltzen hasi zen nazioartean, herrialde batzuk sistemari uko egin bazioten ere, Amerikako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak tartean.
Baina sistema metriko dezimalaren ezarpena ez zen erraza izan, eta Euskal Herrian, adibidez, bere erabilera ez zen zabaldu mendearen amaierara arte. Sistema berriak unitate abstraktoak erabiltzen zituen bezala, lehengo sistemak gizakiari, bere lanari edo bere gorputzari erreferentzia egiten zioten neurri unitateak zituen oinarrian, eta horregatik oso sustraituta zeuden. Hala,?hazbetea, hatz bat bezain luze zen; ?legoa, ordu batean gizaki batek oinez edo zaldiz egin zezakeen distantzia zen;?golde lurra, idi-uztarri batek egun batean egin zezakeen lana neurtzen zuen azalera unitatea zen….
Unitate historiko batzuk
D’elikatuzen dagoen erakusketan inguru hauetan erabilitako neurri unitate historiko horietako batzuk jaso dira, inguruko baserrietan gordetakoak asko.
Labore neurriak dira ezagunenak, eta bertan ikus daitezke garia, haziak, baba lehorrak edo gaztainak neurtzeko erabiltzen ziren anega, lakaria edo gaitzerua. Likido neurriak ere ikus daitezke, pitxerra edo kupela tartean. Baita kana ere, gaur egun aizkora probatan enborrak neurtzeko erabiltzen den neurri mota.
Baliokideak
Hona hemen lehengo eta oraingo neurri unitateen arteko baliokidetasunak. Lehengo neurri batzuk erabiltzen dira oraindik.
Masa
- Arroa 12,5 Kg
- Libra 460 gr edo 17 ontza
- Ontza 28,35 gr
- Kilate (bitxiak) 202,88 gr
- Kilatea (urrea) aleazioaren %4,167
- Kintala 100 libra edo 46 kilo
Edukiera
- Arroa 12,5 litro
- Lakaria 3,6 Kg
- Pitxerra 2,52 litro edo 4 txopin
- Txopina 0,63 litro
- Erregua 28,13 litro
- Anega 44-48 Kg edo 4 gaitzeru (16 lakari)
- Anerdia 24 Kg
- Gaitzerua 12 Kg
- Erraldea 4,8 Kg edo 10 libra
Azalera
- Gizalurra 380 m2
- Golde lurra 1.796 m2
- Erregu lurra 898 m2
Luzera
- Legoa 5,5 Km edo 20.000 oin
- Itsas legoa 4,5 Km
- Itsas milia 1,852 Km
- Besaldia 1,68 metro edo 6 oin
- Kana 0,837 metro
- Arra edo zehea 27 zm
- Oina 30,48 zm
- Hazbetea 2,32 zm
- Gizabetea 1,96 metro
- Korapiloa 1,76 metro edo 7 besaldi