Uztailaren 21ean Goierriko Mugetako Biraren hirugarren etapa egin dute mendizale beteranoen jiran bildutakoek. Oraingo honetan, Urretxutik Udanako mendatera doan 22,5 kilometroko ibilaldi luzea eta gora beheratsua bete dute.
Dagoeneko Ordiziako jaiak hasita daude. Autobusa hartzeko bidean gazte?kuadrillak gaupasa eginda, edonon ikusten dira. Goizeko 07:00etan, zerua estalita dago eta 14 gradu markatzen ditu termometroak. Garagartzako autobus geralekuan elkartu eta gainerako mendizaleen bila abiatu gara autobusean Beasain aldera. 07:10ean Beasaindik irten gara Urretxura joateko. Guztira 27 lagun. Horietatik 9 emakumezkoak gara.
Urretxu (350m) – Irimo (855m)
07:25ean Etxeberri auzoko aparkalekuan utzi gaitu autobusak. Hor hasi dugu 3. etapa. Bertan dagoen zubi batetik Urola ibaia zeharkatu eta Gerra baserrira (350m)doan zementuzko pista bat hartu dugu. Pinudi batetik pasatu ondoren, 2. km?an, Berain (517m) baserriko zelaietara iritsi gara.
Zementua amaitu ondoren, lurrezko pistan jarraitu dugu metro batzuetan. Langa bat zeharkatu eta sigi-saga eginez basora itzuli gara. Elurzuloa (Nebera; 611m) izeneko parajera iritsi gara. Zutoin batzuek tokien izenak eta norabideak erakutsi dizkigute, baina, hala ere, hainbeste bidegurutze eta bidezidorren artean, zalantzak sortu zaizkigu. 08:20an, erdibidean, geldiunea egin eta, nolabait, GPSak dioena eta mendizale batzuen iritziak bateratu ondoren, aurrera egin dugu. Gora doa bidea, gu poliki eta banaka goaz. Batzuek hizketan, besteak isilik, indarrak gorde nahian. Lizarriturrira (725m) iritsi garenean, lainoak lanbro apur bat ekarri digu eta bustitzen hasi gara, baina ttantta batzuk soilik izan dira, eta hori ia erreparatu gabe, Irimo gaineko Gurutzeraino (855 m) heldu gara. Bertan dagoen aterpetxoan sartu eta euritakoak jantzi ditugu. 08:50ean abiatu gara bertatik. Denbora gutxi egon gara bertan, zirimiria ari du, lainotuta dago eta paisaia ikusteko aukerarik ez dugu izan.
Irimo (855m) – Deskargako mendatea (490m)
Gure ibilaldiak, Mendebalderantz, jarraitu du, gailurrik gailur. Arbeleta (876m), Buzoi (903m), Losakate (895m) eta Arrizuri (894m) puntetatik pasatu gara. Ondoren, Urretxuk Antzuolarekin bat egiten duen gailurrarekin topo egin dugu: Trintxuleku (871m).
Gailurrerian metro batzuk ibiliz jarraitu dugu hesi bat zeharkatu arte. Hegoalderantz ondo zehaztutako bidea jarraitu dugu. Gure aurrean, nahiz eta ez ikusi, Aizkorri mendilerroa sumatu dugu. Harantz begira ibili gara, baina lainoak estalita dauka. Atertu du eta Deskarga aldera eramango gaituen IL/GR-34 ibilbidearen marra zuri?gorriak aurkitu ditugu. 10:00etan Deskargara iritsi gara. Errepidea zeharkatu eta geldiune txiki bat egin dugu.
Deskargako mendatea (490m) – Gorostiaga (951m)
Berriz ere IL/GR ibilbidearen markak aurkitu ditugu. Langa bat pasatu ondoren, pinudian barrena doan bide aldapatsuaren markak jarraitu ditugu. Lokatz handia dago, eta batzuetan, irristatuta, atzeraka eramaten gaitu. Elektrizitate linea baten azpitik pasatu gara eta, geroxeago, beste hiru ere zeharkatu ditugu; azkenik, 10:45ean Ardanbideta izeneko zelai eder batera heldu gara. Bertan, Kimu berri izeneko aterpearen arkupean, hamaiketakoa egin dugu. Aterpea itxita zegoen, baina babesean jarri gara, berriro ere euria ari zuelako.
Indarrak berritu ondoren, berriz ere euritako eta aterkiekin, Gasbidetik jarraitu dugu. Arrolamendiko tontorrera goaz. Igoeran, Arrolamendiko arkeologia?eremua ikusi dugu eta, gorago joanda, 11:25ean, Arrolamendi (907m) gainera iritsi gara. Bertan, taldeko argazkia atera eta aurrera jarraitu dugu.
Gasbidea utzita, berriz ere IL/GR ibilbidearen marrak jarraituz, zenbait mugarrirekin egin dugu topo. Oregi (915m), Jentiletxe (905m) eta basoz estalitako gainetatik igaro ondoren, 12:20an, Gorostiagako (951m) gurutzera heldu gara. Bertan, gurutzepean taldeko beste argazki bat atera dugu.
Gorostiaga (951m) – Udanako mendatea (515m)
Pistatik jarraituz, gaina utzi eta IL/GRko marrak jarraitu ditugu. Bidea ondo markatuta dago. Pinudian zehar jaisten ari gara. Orain atertu du berriro eta, opari moduan, laino batzuk altxatu direnez, Aloña mendia dotore agertu da gure aurrean. Aizkorriko mendikate osoa oraindik ez da ikusten. Goi?tentsioko gunetik pasatu ondoren, Izurmuño (635m) izeneko mugarriaren ondotik pasatu gara. Ondoren, lokazturik zegoen bidezidorretik jarraituz, 14:15ean, Udanako mendatera iritsi gara, Goierriko Biraren 3. etapa amaituz.
Bideko toki interesgarriak
- Zumarragako parrokia, Bidegorria, Etxeberri auzoa, Urola ibaia.
- Gerra baserria (350m).
- Berain baserria (517m).
- Elurzuloa (611m). Aspaldi elikagaiak kontserbatzeko zein gaixotasunei aurre egiteko izotza bertan metatzen zuten bi elurzulo aurkitzen dira.
- Otamotzeko muinoa.
- Lizarriturri (725m).
- Irimoko gurutzea (855m): Bertatik paisaia ederra ikus dezakegu.
- Arbeleta (876m).
- Losakate (895m).
- Arrizuri (894m).
- Bastanixtazabal (843m). Mugarri honek Iturriaundirako bidezidorra markatzen du.
- Trintxuleko (871m). Urretxuk Antzuolarekin bat egiten duen azken punta.
- Kateagako mugarria (745m).
- Trekuzko zelaiak.
- Luberrietako mugarriak.
- Deskargako mendatea (490m).
- Lakidiolako zelaia, soroa eta baserria.
- Kimuberri aterpea (674m), iturri oparo baten ondoan.
- Satui-Arrolamendi: Eremu arkeologikoa (Arrolamendi III eta Arrolamendi II tumuluak).
- Mugarria (810m) Legazpik Antzuolarekin bat egiten duen 57.a.
- Arrolamendiko gaina (907m).
- Arrolamendiko tumulua.
- Arranoaitz (899m) gaineko balkoi zabala.
- Oregi (915m) eta Jentiletxeko (905m) tumuluak. Legazpiko mendietan aurkitzen diren megalitoei jentiletxe izena ematen zaie.
- Gorostiagako Itsusmendiko gurutzea (951m).
- Zatubi (650m) lepoa.
- Gainzabal (691m) eta Lizarmendi (687m) muinoak.
- Lizarmendilepoa (611m). Hemen, berriz, mugarriak aurkituko ditugu, baita utzi ere.
- Udanako mendatea (515m).
Informazio gehiago: ww.gmb.eus