Asier Iriondo
Kaixo, Aitor. ETB1eko Gailurra Xtreme Hiru Erregeen Mahaia programan lehiakide izango omen zaitugu aurki. Programa egin duen ekoizpen-etxeko langile baten lehengusinaren kuadrillako batek esanda jakin dut. Goierriko Hitza-ko albistean ez zuten zure izenik jarri. Ez dakit despistea izan den edo, agian, goiz samar erretiratu ote zinen. Pentsatzen dut, dagoeneko, grabatuko zirela atal guztiak eta, bertan gertatuak ez kontatzeko, kontraturen bat sinatuko zenuela. Hala ere, eskertuko nizuke, gain-gainetik bada ere, zerbait kontatzea.
Onartu behar dut, nolanahi ere, harritu egin nauela zure parte hartzeak. Gaur egun, mendia gozatzeko aukera nagusiak lehiatik edo leihotik omen dira, eta leihotik gozatzen imajinatzen zaitut, mendizalea izan zaitezkeela ere sinets nezake, eta irudika zaitzaket igande goizean Txindokira bidean. Ez, ordea, telebistaren leihoan lehian. Aurreiritziak.
Bestalde, reality-en gaia dago, duela hogei bat urtetatik hona, gure inguruko telebistetan asko ugaritu den programa mota. Konturatzen naiz ez dagoela horiek guztiak zaku berean sartzerik, eta ez dakit honetaz sekula hitz egin dugun, baina pertsonaiak pertsona eta pertsonak pertsonaje bihurtu diren garai honetan, programa horiekiko kritikoen multzoan sartzen zintudan. Zer diren, aizu, aurreiritziak.
Aitor Calvillo
Harrapatu nauk, Axier! Baina hik ondo esan duan moduan, kontratua aurrez sinatuta edukitzeak holakoan dakarzkik atzetik. Txiton! Hala ere, arin-arinetik bada ere beti izaten da zer kontatua. Egindako esfortzua handia izan da eta gorputzak ere palizea hartu dik, eh! «Ze ibili haiz udan, Aitor? Kilo batzuk galduantxen ikusten haugu!». Eta nik bada hori, desbrozadorarekin ibili naizela baserrian, neguan ezin egin izan ditudan ibilaldiak egiten aritu naizela… Mendizalea? Bai, baina ez horrenbestean. Orain bi urte semeak 10 urte bete eta zin eginda neon Txindokira igoko ginela elkarrekin. Eta zorrak zor, bada igo ginen.
Hala ere, hire ustetan ez henbilen hain oker. Kritiko izateko bainintzan jaio! Eta egia esan ikusi ere ez ditut egiten nik horrelako reality showak. Hemendik aurrera auskalo, agian zaletuko nauk! Gainera, Vascongadetatik aparte Nafarroan ere ikusiko nautela jakiteak zeharo pozten nau. Hala ere, ziur hemen ere ETB2 ipintzeko joera nabarmenagoa izango dela hemendik aurrera izango duten aukera baliatuz, ETB1 edota ETB3 (Iruñerrian) baino.
Ah! Eta programa egin duen ekoizpen-etxeko langile baten lehengusinaren kuadrillako horri esaiok kontuz ibiltzeko horrelako esanekin, askotan horrelako zurrumurruak egia bihurtzeko joera handia baitago gizartean.