Kilometroak egun bakarreko festa izan arren, hilabeteetako lana da. Dena behar bezala irten dadin, aspaldi hasi ziren arduradunak lanean. Eli Aramendi (Itsasondo, 1959) eta Dorleta Juaristi (Arrasate, 1959) ikasleekin lanean ibili dira alkohol eta droga kontsumoaren prebentzioaren eta parekidetasunaren inguruan. Halako kanpainak urtero egiten dituztela diote, baina aurtengoan, Kilometroen harira, arreta berezia jarri diote gai honi.
Zertan oinarritzen dira alkohol eta droga kontsumoaren prebentzio eta parekidetasun kanpainak?
Dorleta Juaristi: Jai guztietan egoten diren arazoak dira alkohol eta droga abusuak eta sexu erasoak. Arazo horiek errotik mozteko aurrelanketa bat egin behar da, prebentzio kanpainak. Hori da jai osasuntsuak lortzeko bidea.
Eli Aramendi: Batzorde propio bat eratu dugu alkohol eta droga kontsumoaren prebentzioaren eta parekidetasunaren inguruan. Batzorde honen ardura izan da hiru ataletako unitate didaktiko bat sortzea DBHko eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko; lehen atala alkoholaren eta drogen ingurukoa da: nerabeek substantzien inguruan gehiago jakitea nahi dugu, usteak desmitifikatzeko, arriskuez jabetzeko eta arazoen aurrean nola jokatu jakiteko. Norberak hausnarketa bat egitea ere bilatzen dugu, ondo pasatzeko beharrezkoak diren ala ez jabetu gaitezen. Bigarren atala sexu erasoen ingurukoa da. Ikasleak bikoteen artean gerta daitezken egoeratan jarri ditugu bakoitzaren jokabideak aztertzeko.
Festa egitearen dugun kontzeptua egokia da?
D. J.: Alkohola oso txertatua dago gure gizartean, ukaezina da. Badirudi alkoholik gabe ezin dugula ezer ospatu. Baina arazoa ez da alkohola, gehiegikeriak dira. Gaztetxoak edaten hasiberriak direnez, kontrol gutxiago dute eta errazago egiten dituzte gehiegikeriak.
E. A.: Helduagoon arazoa parekidetasuna da. Gizonezko askok ez dute behar bezalako edukaziorik jaso eta festaren aitzakiarekin nahi dutena egiten dute. Hori ezin da onartu.
Zein da hirugarren atala?
D. J.: Ikasleek iazko Beldur Barik kanpainan festara doazen bi nesken istorio bat grabatu zuten. Neskak desberdin jantzita doaz festara, eta egoera desberdinak bizi dituzte. Batxilergoko ikasleekin landu dugu gai hau.
Iaz egindako bideo bat dela esan duzu. Urtero lantzen dituzue halako kanpainak?
E. A.: Urtero egiten dira. Esaterako, urtero etortzen dira Alkoholiko Anonimoak eta AGIPAD elkartekoak ikasleekin egotera.
D. J.: Normalean ikasturtean zehar egiten ditugu halako kanpainak, baina aurtengoan aurreratu egin ditugu. Ez soilik Kilometroengatik, San Anastasiak ere pasa berri daudelako. Prebentzio eta parekidetasun kanpainak sekula ez daude soberan.
Aurretiaz eginiko lanak badu jarraipenik igandean?
D. J.: Graduazio altuko alkoholik ez da salduko, eta sartzea eragotziko da. Iturri bereziak jarri ditugu ibilbidean ura eskura izateko, eta inork beharko balu, jakiak ere emango zaizkie sabela beteta izan dezaten.
E. A.: Egitaraua gazteak mugi daitezen pentsatuta dago. Zirkuituan barrena ibili behar badute, zaildu egiten dugu kale–edana; ibilbidean zehar kartelak egongo dira Ondo pasa pasatu gabe eta Jaiak aske eta libre bizi. Erasorik ez esanez. Gune bakoitzean puntu moreak ere egongo dira, laguntzarik behar izanez gero bertara jotzeko; boluntario ibiltariak ere ibiliko dira. Gazteengana hurbilduko dira, beraiekin hitz egin eta aholkuak emateko. Ez da zigortzailea izango, ez da hori helburua.
Aholkularitza eskertzen dute nerabeek?
D. J.: Iaz boluntario lanetan ibili zirenek oso balorazio positiboa egiten dute. Gazteak lotsarik gabe hurbiltzen dira ezer behar badute, eta babestuago sentitzen direla esaten digute. Antolatzaileak ere lasaiago sentitzen gara honela, badakigulako alboan norbait dutela. Berriz diogu ez dela lan zigortzaile bat, ez gara kalean egongo errieta egiteko, aholkuak emateko baizik. Boluntarioekin ere egin ditugu formazio saioak.
«Gehiegikeriak dira arazoa, ez alkohola. Eta nerabeek kontrol gutxiago dute» Dorleta Juaristi, irakaslea
«Zirkuitua gazteak mugi daitezen pentsatua dago; zaildu egiten dugu kale-edana» Eli Aramendi, irakaslea
Horrenbeste jende elkartzen den festa batean eraginkorrak dira kanpaina hauek?
D. J.: Aurtengoan Urretxu Zumarraga Ikastolari egokitu zaio kanpaina hauek koordinatzea, baina landu, ikastetxe guztietan lantzen dira. Sortutako unitate didaktikoa Gipuzkoa osoko Ikastoletara zabaldu dugu Ikastolen Elkartearen bidez, eta Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko gainerako ikastetxeetara ere bidali da. Ez da soilik Ikastoletan egingo den zerbait, orokorragoa da.
Beharrezkoak dira?
E. A.: Bai. Azken urteetan Kilometroak jaiaren inguruan sortu den ideia da nerabeak mozkortzera etortzen direla. Ikastolen Federazioa oso kezkatuta dago gai honekin.
D. J.: Gainera, argi dago prebentzio kanpainek fruituak ematen dituztela. Harreman estua izan dugu Oñatiko Txatxiku Ikastolarekin, eta beraiek oso gustura gelditu ziren lortutako emaitzekin. Azken Kilometroak askoz ere osasuntsuagoak izan dira. Era berean, Erronkaren proiektuaren bidez, gazteak jaiaren parte bilakatu dira. Ez soilik Erronkan parte hartzen dutenak, baita animatzera joaten direnak.
Gaztetxoek badakite Ikastolen aldeko festa bat dela?
E. A.: Ikastolen aldeko festa dela hor dago, baina askorentzat ez du esanahi hori. Beste herrietako gazteekin egoteko aukera polita da, musikarekin eta jai giroan. Ez dute galdetzen zergatik antolatzen den egun hori.
D. J.: Jende helduagoa errazago mugitzen da militantziagatik. Beste esanahi bat du.
Hasierako ideia urardotu egin dela esan al daiteke?
E.A.: Baliteke hala izatea. 2020. urtetik aurrera Kilometroak jaiaren formula aldatu egingo da, eta hein batean arrazoi horregatik da. Ikastola batek baino gehiago antolatuta, urte osoko ekitaldia izango da Kilometroak jaia.