Badira 9 urte David Bilbao (Zumarraga, 1970) Ezkion bizi dela. Bigarren Hezkuntzako irakasle izan da Ordiziako Oianguren Insitutuan; ikasturte honetan Berritzegunean hasi da. Lan berrian gustura dago, baina faltan hartzen du «ikasle eta irakasleekin azken urteetan izandako harreman zuzena»; gutxiago, pasilloetako zarata. «Oraindik ez naiz ohitu lantoki berriaren isiltasunera».
Euskaraldian parte hartzekoa?
Bai, Ezkioko Hamaikakoaren parte naiz.
Zein izan da zure betebeharra?
Gure irudia argazkirako eskaintzea izan da, eta gure ezagunei parte hartzera animatzea.
Ze zaletasun dituzu?
Irakurri, musika eta irratia entzun, paseatu, elkarrizketa on bat gustuko konpainiarekin…
Pelikula bat.
Delicatessen.
Liburu bat.
Gerezi Garaiak.
Abeslari eta abesti bana.
Ruper Ordorika abeslaria, eta abestia, Bizitza eder denean.
Janari eta edari bana.
Amaren kaneloiak eta ardo arrunta gaseosarekin.
Oporretarako leku bat.
Montevideo.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Poema bat.
Amets bat.
Egunerokotasunak eskaintzen dituen gauza txikiak dastatzen ikastea (eta irakasten jakitea).
Zeri edo nori diozu beldurra?
Ezjakintasunak harrotzen duenari.
Zerk eragiten dizu irribarrea?
Umeak aske eta pozik jolasten ikustea.
Goierriko txoko bat.
San Adriango Aterpetxetik kobazulorako bidea.
Herriko alkate bazina…
Bidegorria, bi auzoen artean zein inguruko herriekin lotzea lehenetsiko nuke.
Ezkion biziko ez bazina, nun?
Egia esan, edozein lekura moldatuko nintzatekela uste dut.