Batzuetan ematen du bizitza errepikapen hutsa dela, iruditzen zait aldiro gertaera berdintsuak bizi ditudala, eta antzeko gertaeren aurrean, berdin erantzuten dudala. Bestalde, begi bistan dudan egutegia ere horren erakusle argia da: hilabetez hilabete araututako asteburuak, jaiegunak, opor egunak errepikatzen zaizkit, aurtengo bizipenak aurreko urteko kopiatu-itsatsi baten itxura hartuz.
Izan ere, denbora bi eratara hauteman izan du gizakiak: modu zirkularrean edo linealean. Modu zirkularrean neurtu dute gizarte ia guztiek denbora, kultura politeistek bereiziki, hau da, naturarekin harreman estuan, urtaroen eta izaki bizidunen bizitza zikloari edota izarren kokapenari erreparatuz. Maputxeen kulturaren arabera, esate baterako, iragana atzean egon zitekeen eta etorkizuna aurrean, edo alderantziz. Antzinako Egipton, berriz, errepikapen ziklikoaren ideiari, betiereko iraupenaren ideia gehitzen zitzaion.
Mendebaldeko kulturetan, kristautasunaren ezarpenarekin, denboraren linealtasunaren ideia jarri zen indarrean, hau da, Jainkoak mundua sortu zuenean hasi zen eta Apokalipsiarekin amaituko da. Horrekin batera, aurrerapenaren kontzeptua errotu zen: denborak aurrera egin ahala, gizakiek eta gizarteek aurrera eta onera egiten dute.
Hori gutxi balitz, Gabriel Garcia Marquezek Cien años de soledad eleberrian erabil zuen denboren beste ikuskera bat, akaso, magikoagoa. Familia errepikapen konponezinezkoz osaturiko sistema bat da, gurpil birakari bat, eternitateraino biraka jarraitzen duena.
Euskaraz hitzetik hortzera erabiltzen dugun esaera bati erreparatu diot: «Zer berri? Zaharrak berri». Esamolde honen arabera irudipena daukat garai bateko euskaldunek adierazi nahi zutela bizipenak errepikatu egiten zitzaizkiela, edota euren bizitzetan, denbora tarte luzean, ez zegoela aldaketa handirik. Pentsa daiteke baita ere euskaldunak nahiko lukeela aldaketaren bat, hobera egiteko, baina aldaketak zer ekarriko dion beldur, nahiago du dagoen-dagoenean segi.
Kristautasunak gure artean duen errotzea gorabehera, denbora eta gure bizitza hautemateko bi aukera baditugu. Edozein modutan, errepikapenaren ikuskerak, niri behintzat, askatasun ezaren sentipena sortzen dit, gurpil zoroan harrapatuta dagoen arratoiaren pare sentiarazten nau; denboraren linealtasunak eragiten duen larritasunetik ihes egitea, bestalde, zaila da.
Artikulu hau idazteak ez dit aterabiderik eman, uste bezala. Horrelakoetatik ateratzeko, irtenbidea orainari heltzea dela badakigu. Edozein modutan, ni artikulu hau amaitzen ari naizeneko oraina eta idatzi hau irakurtzen ari den irakurlearen oraina ezberdinak izango dira. Irakurlearen orainak idazlearen etorkizuna eman dezake beraz, edota idazlearen orainak, irakurlearen iragana. Maputxeek arrazoi!