Orain dela urtebete etorri zen Hector Gutierrez Kataluniatik Goierrira, Legorretara hain zuzen, eta urtebete da euskara ikasten hasi zela. Euskararekiko duen konpromisoa egunero-egunero erakusten du, euskara ikasten eta ahal duen neurrian euskaraz bizitzen. Euskaraldian, Belarriprest izango da.
Legorretar batekin dago ezkonduta Gutierrez, eta Legorretara bizitzera etortzeko erabakia hartu zutenean, une hartatik, euskara ikasiko zuela garbi zuen. Euskara ikasi, «tokiko kultura ezagutzeko, bertakoen artean gustura sentitu eta haiek nirekin ere gustura sentitzeko, eta lanerako, besteak beste, behar-beharrezkoa» dela uste duelako. Hori horrela, euskaltegira joaten da egunero. «Burugogorra naiz, eta une askotan horri eskerrak jarraitu dut euskara ikasten, ez baita erraza euskara ikastea», aitortu du. Baina duen jarrera paregabea da eta ikaragarri ari da saiatzen da berarentzat berria den hizkuntza ikasteko.
Herritarren berarekin duten jarrerari buruz honakoa dio: «Normalean, gazteleraz zuzentzen zaizkit asko, beste batzuk hasieran euskaraz eta ondoren gaztelerara egiten dute salto. Gazte jendeak, berriz, euskaraz hitz egiten dute nirekin elkartzen diren guztietan».