Ez galdetu zergatik, baina badut ohitura arraro bat: arroparen edo oinetakoren batean zulotxo edo urraturen bat ikusten badut, hatza gainean jarri, eta estutzen hasten naiz, sorginkeriaz zuloa konpontzeko gaitasuna izango banu bezala. Beti iruditu baitzait kontrakoa eginez gero, alegia, hatza zuloan sartuz gero, are nabarmenagoa izango dela kaltea, eta ordura arte disimuluan pasa zitekeena ageri-agerian geratuko dela. Agian oker nabil, baina irudipena daukat jende gehienak, jakinaren jakin beharraz, zuloa zenbaterainokoa den aztertzeari ekiteko ohitura daukala: sartu hatza hemen, okertu zapatila han, eta segi zaurian urra eta urra, ezein adabakik konponduko ez duen artelana osatu arte.
Gure mundu txiki honek ere zuloak ditu hamaika, eta kasuan-kasuan aztertu behar izaten da zer komeni den egitea arazoa konpontzeko. Komeni edo nahi. Batzuen apetaren arabera, betiere. Auzitegi Gorenak, esaterako, modu bitxia du zuloak estaltzeko. Hipoteketako zergak noren bizkar geratuko diren erabakitzeko buruhausteak izan ditu nonbait: orain bezeroak, orain bankuak, orain arre, orain so… Begi zuloetan dute, antza, horiek adabakia. Eta ipurdian, zuloa.
Estrasburgoko begiek, bestalde, ikusteko beste modu bat daukatela dirudi. Galdetu bestela Otegi, Diez eta enparauei. Epaiketa beste hurrenkera, modu eta leku batean egin izan balitz, hots, beste baldintza batzuetan, pertsona horien bizitzak ez luke 6 urteko etenik izango, non eta zuloan igaro beharrekoak, gainera. Arrakala hori estali ezina dela ezin uka.
Dena den, gaurtik aurrera, gure begiek euskaraz ikusiko dute. Hamaika egunetan txoritan egongo gara, euskararen paletak dituen kolore guztiez gozatuz. Guztirako baitago aukera, eta abagunea aprobetxatu behar, zalantzarik gabe! Ez nioke inolako zulorik antzeman nahi borondate onenarekin martxan jarritako ekimen honi. Eman ditzala fruitu gozoak!
Nahiz eta janezinak izan pobrezian bizi direlako, edo hondamendi naturalak zein gizakiaren indarkeriaren hondamendiak herrialdea suntsitu dietelako mugak, basamortuak edo itsasoak zeharkatu behar izaten dituzten pertsonek eskura dituzten fruituak. Atzera bueltarik ez duen zuloa egiten ari baikara bazter ugaritan, politikaren, kapitalismoaren, handinahikeriaren, aitaren, semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Eta begira egon beharko luketenek, beste alde batera begiak.
Era horretan funtzionatzen baitugu. Ezin denok zulo bera estaltzeko ahalegina egin; ezin denok helmuga berera begira egon. Nondik eta nola begiratzen den da gakoa, eta horregatik izaten da beti-beti begirada bat ni erakartzen edo atzera eginarazten nauena. Begi txiki, handi, berde, marroi, polit edo zatarxeagoek berez lor dezaketen edozerk baino askoz ere gehiago esaten dit begirada batek. Beraz, esan zeure begiradarekin non dagoen zuloa, eta nik, neure begiak itxiz, zuloa estaltzeko adabakia jarriko dut edonon, behar ez dena estali, eta zuloa agerian geratzeko probabilitateak ugariak direla jakinik. Gero, berriro saiatuko naiz hatzekin estutzen, magiaz zuloa itxiko dudan esperantzarekin.