Osasunaren aldeko Babes Kutxak atera ditu GuraSOS-ek, Hitzartu egitasmoa finantzatu ahal izateko.
Errausteko plantaren aurka kanpaina originala jarri dute abian GuraSOS elkartekoek. Itsasondoko guraso elkartearen bidez Goierrira ere iritsi da. Erraustegia Goierrin kokatuta ez badago ere, «guztioi eragiten digun zerbait» dela uste du Aitor Matek, Itsasondoko Guraso Elkarteko kideak, eta hori da ekimena Goierrira ekartzearen arrazoi nagusietako bat.
Orain arte mobilizazio ugari egin dituzte erraustegiaren aurka han eta hemen. Itsasondoko Guraso Elkartekoek ere bat egin dute, eta orain dela bi urte akanpada egin zuten, «errauste plantarekiko proiektuarekiko kezka adierazteko eta GuraSOSen Hitzartu egitasmoari babesa adierazteko».
HItzartu egitasmoak ingenieritza aditu batek Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Alternatiboa idazteko balioko du. Planak hondakinen arazoa ahalik eta modurik jasangarrien eta ekonomikoen konpontzeko dauden aukera tekniko guztiak aztertuko ditu.
Hori guztia egiteko, dirua behar dute, eta finantziazioa lortzeko, Babes Kutxak sortu eta gipuzkoarren eskura jarri dituzte 10 euroan. Haurrek egindako marrazkiak dituzte kutxek azalean eta barruan, Gureak-en egindako gailetak eta postaz bidaltzeko postal berezi bat daude. Postalean, ondorengo mezua irakur daiteke: «Gure haurren begiradak berritzen du itxaropena guregan eta goizero sinestarazten digute ez dela berandu. Inoiz ez dela berandu Gipuzkoa osasuntsuago baten alde egiteko».
Kutxak nola eskuratu
Goierriko hainbat tokitan ere Babes Kutxak erosteko aukera egongo da; Itsasondon, Ordizian, Lazkaon, Beasainen, Zaldibian eta Zerainen.Salmenta guneak zeintzuk diren kontsultatzeko sartu www.gurasos.org webgunean.