Zumarragako Martimuño baserriko Edurne Astigarragak modu ekologikoan ekoitzitako barazkiak saltzen ditu Santa Lutzi ferian.
Nola oroitzen duzu garai bateko Santa Lutzi feria?
Azkoitiko Bieta baserrikoa naiz, baina Santa Lutzi feria aspalditik ezagutzen dut. Gurasoak urtero etortzen ziren, baina gu ez gintuzten urtero ekartzen. Gaztetan kuadrillakoekin etortzen nintzen. Aginagara etorri ginenetik, urtero joaten gara ferira. Hasieran lore lehorrak eramaten genituen eta duela hiruzpalau urtetik barazkiak eramaten ditugu.
Nola ikusten duzu gaur egun? Eta zer egin beharko litzateke feria hobetzeko?
Nire ustez, aldaketa beharrezkoa da azoka handi guztietan. Teknikariak baserrietara joan beharko lirateke azoken aurretik. Izan ere, ez dago azoketara eramaten diren produktuen gaineko kontrolik. Ez dira azoka garbiak eta baserritar askok joateari utzi diote. Kardo kaxkarrak baditut, kardo kaxkarrak eraman behar ditut. Batzuk beraiek hazi ez dituzten barazkiak aurkezten dituztela iruditzen zait. Hemengo bezala saltzen da hemengoa ez dena. Eta, gainera, sariak jende horrek eramaten ditu askotan. Erosleak informazio gutxi du. Bertakoa izatearekin ez da nahikoa. Bertakoa… eta nolakoa? Azoketan denetik saltzen da: hidroponikoa, norberak ekoitzi ez duena, pestizidekin ekoitzi dena, kutsatu gabe ekoizten dena… Eta jendeak ez daki zer ari den erosten. Barazki guztiak ez dira osasungarriak. Gazteak beraien tokia aurkitzen ari dira, baina toki hori ez dago azoketan. Zergatik?Aldaketa bat behar da eta emango da. Garai batean ospitale bakarra zegoen Gipuzkoan eta egun ospitale pila bat daude. Zerbait gaizki egiten ari gara. Ekoizpen ekologikoa ez da moda kontua, gure aitona-amonengandik datorren kontua da. Jaten dugunak eragin handia du osasunean.
Lehen gehiago saltzen al zen?
Nire ustez lehen animalia gehiago ekartzen zituzten Santa Lutzi feriara.
Nola pasatzen duzu eguna?
Goizean goiz jaikitzen gara eta azokako lana bukatzen dugunean etxera itzultzen gara. Egun berezia denez, etxean taloak jaten ditugu: etxeko artoarekin egindako taloak. Arratsaldean ez gara herrira jaisten. Alabak bai, noski.
Feria gehiagotara joaten al zara?
Larunbatetan Zumarragako plazan egiten den azokara joaten gara.