Aitor Lizarazuk (Urretxu, 1974) Santa Lutzi feriako ganadu lehiaketan parte hartzen du eta artzain txakur erakustaldia antolatzen du.
Nola oroitzen duzu garai bateko Santa Lutzi feria?
Nire lehen oroitzapenak ume-umetakoak dira. Urtero joaten nintzen feriara, aitarekin eta osabarekin. Aitak moxalak, behorrak, ardiak… eramaten zituen. Beti. Baratzeko produktuak ez ditugu sekula eraman. Oso ondo pasatzen nuen. Ganadu eta jende asko egoten zen, aitari laguntzen genion… Gainera, umetan gauzak beste era batera bizi dira. Ordutik bizpahiru aldiz bakarrik kale egin dut. Beti lanagatik.
Nola ikusten duzu gaur egun?
Sariak ematen dituztenez, ganadu ona etortzen da. Miranda aldean ez dute saririk ematen eta, beraz, ganadu eskasa ere egoten da.
Lehen gehiago saltzen al zen?
Bai. Askoz ere gehiago. Izan ere, ganadua lanerako erabiltzen zen. Moxalak Valentziara saltzen genituen. Laranjak jasotzeko erabiltzen zituzten. Egun, dena traktorearekin egiten da eta moxalak haragitarako saltzen dira. Sei hilabeterekin saltzen ditugu eta erosleek haragitarako gizentzen dituzte. Dena den, sariak ematen jarraitzen badugu, feriari eutsiko diogu. Galtzea pena litzateke.
Zer egin beharko litzateke feria hobetzeko?
Ganadu feriari dagokionez, urtero hobekuntza txikiak egiten saiatzen gara. Bere garaian ganadu feria Zelai Arizti parkera eramateaz hitz egin zen, baina kamioiak ez ziren sartzen. Ezin zen ganadu guztia bertara eraman eta abelburu guztiak elkarrekin egotea komeni da. Nire ustez, Zumarragako Urdaneta hiribidea toki ona da ganaduarentzat.
Nola pasatzen duzu eguna?
Lanean. Behorrak orraztu eta 06:30erako plazan egoten naiz. Feria ikusteko aukerarik ez dut edukitzen, baina ondo pasatzen dut. Arratsaldean idi-probak ikustera eta tragoren bat jotzera jaisten naiz. Garai batean parranda handiagoa egiten nuen!
Feria gehiagotara joaten al zara?
Bai. Altsasura eta Mirandara, besteak beste.