Twin Melody bezala ezagunagoak dira Paula eta Aitana Etxeberria (Ordizia, 1997); sare sozialetako momentuko bikirik famatuenak ere badira. Abestien bertsioak egiten hasi ziren bi neska ordiziar gazte hauek, eta segituan lortu zuten publiko gaztearen arreta bereganatzea. ETBko A ze banda! programako irabazleak izan ziren orain dela hiru urte, eta handik aurrera, hainbat telebista saiotan minutu ugari bete dituzte. Orain, disko berria kaleratu dute, Siempre seras tu (Beti izango zara zu) izenburupean, Sony zigiluaren barruan.
Azaroaren 30etik kalean da zuen disko berria. Zer entzungo dugu?
Aitana Etxeberria: Diskoak 15 kanta ditu. Horietako 11 originalak dira eta gainontzeko laurak bertsioak dira. Lau hizkuntzatan abestutako kantak daude; ingelesez, frantsesez, gazteleraz eta euskaraz.
Gure jarraitzaileengan pentsatuta egin dugun lana da Siempre seras tu. Bi disko daude kaxa bakoitzean. Horrela, erosten duenak, nahi duenari emateko aukera izango du. Horrez gain, guk geuk sinatutako argazki bat eta poltsa pertsonalizatu bat ere badakartza.
Bertsioak egiteagatik egin zineten ezagunak, baina disko berrirako zuek sortutako abestiak ere gehitu dituzue.
Paula Etxeberria: Garbi genuen gure abestiak egingo genituela uneren batean eta horrela egin dugu. Ideia asko ditugu buruan eta gure abestietan irudikatzen saiatu gara. Sortzearena oso gustoko lana izan da.
Nola bizi izan duzue diskoaren grabaketa?
P. E.: Oso dibertigarria izan da, nahiz eta lan handia izan den. Baina esfortzuak merezi izan du.
Oraintxe, promozio lanetan zabiltzate buru-belarri.
P. E.: Bai, hala da! Hainbat tokitan egon gara azken egunotan; Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon, besteak beste, eta hurrengo asteetan ere hala jarraituko dugu. Euskal Herrian promozioa egiten ibili eta gero, hurrengo egunetan Madrilera goaz, han ere gure lana ezagutzera eman eta jarraitzen gaituzten guztiekin egoteko.
Oso pozik gaude, nahiz eta bestelako gauzetarako denbora oso gutxi gelditzen zaigun.
Nola uztartzen duzue hau guztia, ikasketekin eta bestelako eguneroko zereginekin?
A. E.: Magisteritza ikasten ari gara biok, eta batzuetan ez da batere erraza, aipatzen genuen denbora faltagatik. Azken hilabeteetan topera ibili gara disko berria kaleratzeko; entseguak, bidaiak, grabaketak eta beste hainbat kontu. Baina txiki-txikitatik desio genuen zerbait da eta une hau iritsita, aprobetxatu behar dugula uste dugu. Beraz, ahal dugun moduan, saiatzen gara guztia uztartzen.
Aitana Etxeberria:
«‘Siempre seras tu’ disko berria gure jarraitzaileengan pentsatuta egin dugun lana da»
«Gure lana ezagutzera eman nahi dugu orain, ahalik eta jende gehienera iristeko»Paula Etxeberria:
«Ideia asko ditugu buruan, eta hori abestietan irudikatzen saiatu gara»
«Oso pozik gaude, nahiz eta bestelako gauzetarako denbora oso gutxi dugun»
Nola hasi zenuten ibilbidea musikaren munduan?
A. E.: Film batekin hasi zen guztia. Musikal bat zen, ikaragarri gustatu zitzaigun eta hortik dator abesteko gure nahia.
P. E.: Baina gauzak ongi egin nahi genituen, eta horretarako, prestakuntza behar genuen. Abesteko eskolak hartzen hasi ginen, instrumentu desberdinak ere jotzen ikasi dugu eta gainera, hizkuntzak ikastea ere garrantzitsua zela uste genuenez, ingelesa eta frantsesa ikasten ari gara.
Sare sozialek aparteko garrantzia izan dute zuen eboluzioan.
P. E.: Youtube-n, askok eta askok, abesten agertzen ziren bideoak igotzen zituztela ikusi genuen. Norberak bere buruari grabatutako horietakoak, eta guk ere probatu genezakeela pentsatu genuen.
A. E.: Hortaz, duela bost bat urte, geure kanal propioa sortzea erabaki genuen. Hasieran, pixka bat kostatu zitzaigun. Lehenengo urtean 6.000 bat harpidetza izan genituen. 40.000 bigarrenean, eta horrela, pixkana-pixkana gero eta jende gehiagok jarraitzen gaitu. Oraintxe 1.200.000 jarraitzailetik gora ditugu Youtube-n.
‘Youtube’-n oso aktiboak zarete eta baita beste sare sozial batzuetan ere. Zerk bereizten zaituzte beste ‘youtuber’ batzuengandik?
P. E.: Irudi alai eta dibertigarria ematen saiatzen gara, ikusteko oso arinak diren bideoen bidez. Eta badirudi jendeak ere horrela jaso duela mezua. Gainera, arropak eta gure itxura zaintzen saiatzen gara.
Ordiziako Plazan izan da elkarrizketarako hitzordua eta gaztetxoak zuek ikusi orduko arrapaladan gerturatu dira sinadura eske. Nola bizi duzue hori?
A. E.: Gure lanaren alde bat hori da eta oso polita da. Edozein unetan, norbaitek ezagutu eta sinadura eskatzera gerturatzea oso berezia da. Lana ongi egiten ari garen adierazle ere bada, jendeari egiten duguna gustatzen zaiola esan nahi baitu horrek.
Etorkizunean zertan ikusten duzue zuen burua?
P. E.: Urtetik urtera gauzak asko aldatzen dira, eta beraz, ez da erraza ezer aurrikustea. Pentsa, orain dela 10 urte Instagram ez zegoen, eta sare sozialek, orokorrean, ez zuten oraintxe duten indarrik. Auskalo etorkizunean zer izango dugun!
Dena den, ikasketak bukatzea da oraintxe dugun helburuetako bat. Horrez gain, musikaren edota telebistaren munduan jarraitu nahiko genuke.
A. E.: Gure lana ezagutzera eman nahi dugu orain, ahalik eta jenderik gehienarengana iristeko. Tour bat egin eta gure jarraitzaileak ezagutu nahiko nituzke.
Bukatzeko, zuen jarraitzaileei zein mezu bidaliko zeniekete?
A. E.: Asko maite ditugula eta oso eskertuta gaudela orain arte emandako babesarengatik. Asko pozten gaitu egiten dugunak haiek ere pozten dituela jakiteak.
P. E.: Hor egoteagatik eskerrik asko esango nieke lehenik. Abentura hau hasi baino ez da egin eta zatozte gurekin!