Garaiko barazkiak urdaiazpiko iberikoarekin
(Garaiko barazkiak urdaiazpiko iberikoarekin, kuia kremaren gainean)
Osagaiak
- Porrua
- Kuia
- Patata
- Lekak
- Brokolia
- Romaneskua
- Kardua
- Orburua
- Azenarioa
- Zerba
- Lonbarda aza
- Baratxuria
- Oliba olioa
Prestaketa
Kuia, patata, porrua eta azenarioa egosi eta birrindu krema fin bat lortuz.
Gainontzeko barazkiak, bakoitza bere aldetik, uretan egosi gatzarekin.
Zartagin batean baratxuri txikitua oliotan gorritu eta urdaiazpiko txikitua gehitu. Ondoren, aurretik egositako barazki guztiak gehitu eta erregosi.
Aurkezpena
Platerean krema jarri eta gainean erregositako barazkiak. Plater hau eskura daukagun edozein barazkirekin egin daiteke.
————————————————————————
Itsas zapo eta otarrainxka broxeta
(Itsas zapo eta otarrainxka broxeta, itsaski saltsa eta limoi frijituarekin)
Osagaiak
- Tipulina
- Baratxuria
- Perrexila
- Piper mina
- Itsas zapoa
- Otarrainxkak
- Irin almidoia (maizena)
- Koñaka
- Oliba olioa
Prestaketa
Itsas zapoa garbitu, bi solomoak atera eta hezurrak salda egiteko gorde. Otarrainxkak zuritu, azala eta buruak gorde.
Salda prestatu ura, gatza, itsas zapoaren hezurrak, tipula pixka bat eta perrexilarekin. Irakiten hastean sutatik kendu eta gorde.
Saltsa
Kazola batean tipulin zatitua eta baratxuria gorritu gatz pixka batekin. Otarrainxken hondarra gehitu eta gorritzen eduki. Koñakarekin busti eta su eman. Salda gehitu eta 20-25 minutuz egosten eduki. Irabiatu eta txinotik pasatu. Saltsa erreduzitzen eduki eta irin almidoia gehitu loditu arte.
Broxeta
Itsas zapoa otarrainxken lodieran –edo pixka bat lodiago– ebaki. Broxetan txandakatuaz itsas zapoa eta otarrainxkak jarri. Gatza bota eta plantxan egin, buelta eta buelta.
Frijitua
Baratxuri txikitua, piper mina, perrexila eta limoia gorritu eta broxetari gehitu.
Aurkezpena
Plateraren oinarrian itsaski saltsa jarri eta gainean broxeta frijituarekin. Barazkiekin, perretxikoekin edo panadera patatekin lagundu daiteke.
————————————————————————
Banana eta txokolate krepeak
Osagaiak
Krepeak egiteko
- 350 ml esne
- 2 arrautza
- 125 gr irina
- 25 gr azukre
- 2 koilarakadatxo bainila
- Gurina
- Banana
Txokolate krema egiteko
- 250 gr txokolate (%70 kakao)
- 250 gr esne gaina
- Arrautza gorringo bat
- 2 koilarakada glass azukre
Prestaketa
Esnea, arrautzak, irina, azukrea eta bainila nahastu, ore homogeneoa lortu arte. Hozkailuan eduki 30 minutuz
Txokolate krema
Txokolatea urtu ondoren, esne gaina gehitu eta irabiatu harrotu gabe. Glass azukrea eta arrautza gorringoa gehitu eta nahastu. Epeltzen utzi eta gorde.
Krepeak
Bol batean krepearen osagaiak nahastu gutxi gora behera banana heren batekin. Banana ongi banatu ore guztian.
Zartagin batean gurin pixka bat urtu su ertain-sendoan. Lau bat koilarakada ore gehitu. Zartagina mugitu orearekin hondo guztia estali arte, geruza mehe bat sortuz. Bi aldeetatik 2-4 minutuz egin pixka bat goritu arte. Banana krepean ondo banatuta geratzen saiatu behar da.
Krepeak egin, orea bukatu arte.
Aurkezpena
Krepe egin berriak hartu, gainean txokolate krema urtu eta tolestu. Errazago egiteko zartaginean bertan egin daiteke hori. Platerean kanelarekin edo glass azukrearekin hautseztatu daitezke.
————————————————————————
Ezkioko Argindegi ostatuak emandako errezetak.