Joxe Azurmendi zegamarrak, Joseba Intxausti segurarrak, Agirrebaltzategik eta Torrealdaik Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko dute. ‘Jakin’ aldizkarian hasieratik (1956) ibiliak, zuzendaritza taldea osatu zuten 1977tik 2014ra.
Euskaltzaindiak, 1968ko batzar famatua baino lehenago, egin zuen 1956an beste biltzar bat Arantzazun. Eta, hamabi urte geroago euskara batua jaio bazen, lehenengo bisitak hark ere eman zuen bere fruitua: Jakin aldizkaria. Arantzazuko frantziskotarren ikastetxeko ikasleak hasi ziren idazten, baina kanpora begira. Gai teologikoak eta filosofikoak zituen, gehien bat. «Lehenengo publikoa Euskaltzaindia bera izan zen, gazte horiek hango jendeari joan baitzitzaizkion aldizkaria banatzera», gogoratu zuen Joseba Intxaustik, Jakin-ek egindako elkarrizketa batean.
Euskaraz zen Jakin, aldizkaria, eta jakintza zehatzetan espezializatua. «Ezustea» izan zen Euskaltzaindikoentzat ere. Taldea finkatuta geratu zen 1956ko topaketa hartatik. Bi aldi izan ditu aldizkariak. Lehen garaian bi aldiz debekatu zuten, 1961ean eta 1969an. Arantzazun argitaratu zituzten ia 50 liburu eta aldizkari. 1969tik 77ra argitaletxe bezala segitu zuen.
1977an hasi zen bigarren aroa, egoitza Donostiara aldatuta eta zuzendaritza finko batekin, lauko historiko batek gidatuta: Joseba Intxausti (Segura, 1936), Joxe Azurmendi (Zegama, 1941), Paulo Agirrebaltzategi (Araotz, Oñati, 1942) eta Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia, 1942).
Ezagutza zabaltzaileak
Duela 41 urte, atzera 1. zenbakitik hasi ziren Jakin argitaratzen. 228. zenbakia argitaratu dute aurtengo uztaila-urria epean. Urtean lau zenbaki ateratzen hasi zen, eta 1989tik bihilabetekaria da (urtean sei zenbaki).
Zuzendari izateaz gain, pisu nabarmena izan du Jakin-eko talde historikoak erredakzioan ere. Artikulu gehien idatzitakoen artean daude Azurmendi, Intxausti eta Torrealdai.
Sustrai goierritar sakoneko Jakinen zuzendaritzak 2014ko maiatzaren 15ean eman zion erreleboa gaur egungo taldeari. Lorea Agirre Dorrontsoro (Beasain, 1968) jarri zen zuzendari. 14 laguneko taldeak garatzen du harrezkeroztik aldizkaria (Idurre Eskisabel beasaindarra ere han da). Lehen aroan, Intxausti segurarra ere zuzendari izan zen, hiru urtean, 9. zenbakitik aurrera. Ia hasieratik idatzi zuen Arantzazuko Jakin-en, baita Joxe Azurmendik ere.
62 urteko historia horretan, eragiteaz gain egin ere lan eskerga egin dute idazleek. Joseba Intxaustik 504 idazlan ditu argitaratuak, Jakin-en datuen arabera: 36 liburu, 103 liburu gehiagotan zatiak, eta 365 artikulu (26 agerkaritan). Bere obra guztia digitalizatu du Jakinek, eta iaztik Interneten dago.
Joxe Azurmendi ere bi urtetan izana da zuzendari. Kide 1960tik da. Hark ere 36 liburu ditu argitaratuak, bi liburu itzulpen, 110 liburu-zati eta 471 artikulu (horietatik 108 Jakin-en). Jakin.eus-en daude, digitalean.
Urrezko Domina, 19an
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten Jakinen taldeari emango dio Gipuzkoako Urrezko Domina, erakundeak eman ohi duen bereizgarri gorena. Abenduaren 19an jasoko dute oroigarria eta aitortza talde historikoko lau lagunek.
«Jakin taldeak euskal kultur adierazpideak modernitatearen bidean kokatzen jakin du, guztizko askatasun intelektualari inoiz uko egin gabe, Mendebaldeko zibilizazioaren balio aurrerakoien funtsaren gainean proiektu sortzaile iraunkor eta ireki bat eratzeko», argudiatu du aldundiak.
Hitz gutxitan: ekiten, egiten eta ereiten jakin dute, luzaroan.