Beizamako 1926ko hilketa sonatuek gizartea zilipurdikatu zuten. Patxi Erauskinek bertsotan ipini zuen auzia.
Beizamako Gorosagasti baserriko Bibiana Azkardi (66 urte) eta Maria Odriozola (27 urte) ama-alabak hilda aurkitu zituzten, 1926ko azaroaren 14an. Igandea zen, eta astero bezala, Tolosan neskame zegoen Jazinta Odriozola alaba/ahizpa bisitan joan zen etxera. Lepoa ebakita, hilotz aurkitu zituen.
Egundoko errai-iraulia eragin zuen Euskal Herrian hilketa bikoitzak. Egindako sarraskiak lehenengo, eta hiltzailea aurkitu ezinak gero. Lehen harrapaldian, agintariek ijitoak eta inguruan zebiltzan artzainak atxilotu zituzten. Bigarren olatuan, Jazinta bera hartu zuten susmagarri, baita Itsasondoko Lizardieta baserriko Arantzegi aita-semeak ere.
Gorostiagaren hur, mendiaren beste aldean geratzen da Lizardi. Krimenaren lekua, Gorostiaga, erorita dago gaur egun; hondar batzuk besterik ez dira geratzen, lekuko isil.
Patxi Erauskin Errotaria bertsolari zaldibiarrak 12 bertsotan utzi zuen, 1927an, krimenaren inguruan gertatzen ari zenaren zati bat. Zortziko handian, eta Bertso berriak izenburua jarrita, bertsopapera egin zuen.
«Onra emanaz bertsoak»
Erauskinek ez zeukan dudarik Itsasondoko aita-semeez: «periodiko batzuek berriz / gezur aundiak zabaltzen,/ oiek kulpante omen zirala / baita’re askok sinisten» idatzi zuen (7. bertsoa).
Errugabetzat jo zituen: «kulparik gabe eraman bear/ oinbeste pena tristiak» (9.bertsoa).
Benetako hiltzaileentzat, errukirik ere ez zeukan, bestetik: «denok nai degu gaizki egiñak/ arren argitu ditzala;/ merezi du-ta bizia kendu /edo betiko itzala» (10.bertsoa).
1927an jada libratu zituzten aita-semeak, eta «onra» emateko idatzi zituen bertsoak. Itsasondon hiltzailerik eta lapurrik ez zela ebatziz bukatu zuen bertsopapera.
Patxi Erauskinen ‘bertso berriak’ Beizamako hilketez, 1927
1) Auxen da era etorri dana
bertso batzuek jartzeko,
kulparik gabe preso egon diran
itsasondotarrantzako;
letra bat ere ez da izango
iñor ofenditutzeko,
eskerrak onak lege-gizonak
zeuzkatela libratzeko.2) Millaz ondoren bederatzi eun da
ogei ta seigarren urtean,
Azaroaren amalauean
egun señalamentean,
negargarri bat gertatu zana
Gipuzkoa’ko partean,
Beizama erriko Korosagasti
baserri etxe batean.3) Etxe orretan bizi ziraden
ama ta alaba bakarrik,
lanean zintzo saiatzen ziran
egin gabetan oporrik;
egun orretan arkitu ziran
biak ill da otziturik,
Euskalerrian ez da gertatu
askotan orrelakorik.4) Jazinta Odriozola beste alaba
neskame zegona Tolosa’n,
egun orretako amaikaetan
etxe ortara igo zan;
bere ama ta aizpea illak
billatutzalle bera zan,
aditzerakin ala errira
destetxaetan joan zan.5) Jazinta bera parte ote zan
jarririk errezeloso,
kulparik gabe egotea’re
izan zeikean akaso;
zerbaitengatik sartu zuten
bigarren aldian preso,
ezda gañera libratu ere
garbi jakiñ arte oso.6) Agintariak saiatu ziran
nun billatuko usaiak,
ama-alabak il zituztenak
agertutzeko etsaiak;
lendabiziko artu zituzten
ijitano ta artzaiak,
kulparik gabe preso, etzeuden
aien biotzak lasaiak.7) Andik urrena Itsasondo’ko
Lizarditara jo zuten,
aurrean artu Azpeitia’ko
kartzelara zuzen-zuzen;
periodiko batzuek berriz
gezur aundiak zabaltzen,
oiek kulpante omen zirala
baita’re askok sinisten.8) Eriotz aiek bateonbatek
egin zituan serio,
esan lezake alkarrengana
asko zutela odio;
aizken orduan guztion Aitak
kontuak artuko dio,
zenbait familik negar egin du
kaso ori zan medio.9) Aita semeak, ama alabak,
senar eta emaztiak,
izan dituzte oso garratzak
gau t’egun, jai ta astiak;
kulparik gabe eraman bear
oinbeste pena tristiak,
orain etxean libre daude ta
aztu bitzaie guztiak.10) Ondo dakigu iltzalle oien
billa zorrotz dabiltzala,
denok nai degu gaizki egiñak
arren argitu ditzala;
merezi du-ta bizia kendu
edo betiko itzala,
kulpa gabe preso egotetikan
Jainkoak libra gaitzala.11) Maiatz illaren ogei ta batean
ta larunbat-arratsian
aitzenekoak aita-semeak
erabat libratu zian;
poz-dardara bat sartu zitzaigun
askori bai biotzian,
lo-gurerikan iñork etzeukan
oiek errian sartzian.12) Orra azaldu kulparik gabe
nola egonduak diran,
iñorentzako mesederik ez,
familientzat galeran;
onra emanaz bertsoak kanta
mundu guztien aurrean,
iltzalle krimen lapurrik ezta
Itsasondo’ko errian.