‘Goierriko Hitza’-k webgune berria estreinatu du. Itxura garbi eta erabilterraza du. Ordenagailuan zein eskuko telefonoan aldea nabarituko dute erabiltzaileek.
Tokiko informazioa euskaraz eskaintzen duten sei Hitza egunkariek –Goierrikoak tartean– webguneak berriak estreinatu dituzte aste honetan. Adibide Komunikazioa enpresa arduratu da diseinu lanaz, eta webgune «argiak eta irakurterrazak» egin nahi izan dituzte. Hala, webguneen itxura berritzeaz gain, irakurleen «erabilgarritasuna erraztea» izan da helburu nagusia.
Menu nagusia sinpletu egin dute, bost atal nagusitan eta hainbat azpiataletan banatuta. Azala ere garbia eta irakurterraza da, beti ere, arlo grafikoari ere bere garrantzia emanda. Herrietako albisteez gain, agendak ere garrantzia handia hartuko du. Eskualdeko ekitaldi zerrendarik osatuena eskainiko du goierri.hitza.eus webguneak, eta ekitaldien informazioaz eta ordutegiez gain, geolokalizazio bidez ekitaldi bakoitza non den ikusteko aukera egongo da.
Norberak bere gustuen arabera filtratu ahal izango ditu albisteak, herria edo gaia aukeratuta. Bilaketak egiteko modua ere erraztuko da, bilatzaile orokorraz gain, zehaztuago bat ere zabaltzeko aukera ere emango baitu. Multimedia atalean berriz, argazki galeriak nahiz bideoak ikusteko aukera izango da.
Sakelakoan ikusgarriago
Webgune berriek ekarriko duten aldaketarik handienetako bat, eskuko telefonoei dagokiona izango da. Webguneak dituen bisiten kopuru handi bat mugikorretatik etortzen da, eta horretan ere arreta berezia jarri nahi izan da. Sakelakoan ere, albiste orokorrez gain, norbere herrikoak edo gaikakoak filtratu edo agenda, txokoa eta Hitzakide atalean sartzeko aukera izango da.
‘Hitzakideek’ atal berezia izango dute
Hitza-ren webgune berrian toki berezia hartuko du Hitzakide atalak. Hitza-ren proiektua babesten dutenak izango dira Hitzakide, ohiko harpidedunak nahiz harpidedun digitalak. Webgunean hainbat abantaila eta eduki gehigarri izango dituzte.?Hala, zozketa eta deskontuetan parte hartzeko aukeraz gain, Hitza-ren eguneko alean zein ale zaharrak PDF formatoan irakurtzeko aukera ere izango dute, besteak beste.