Pasa den abenduaren 15ean debutatu zuen Iñaki Arruek (Arama, 1998) boxeo ring baten gainean. Ordizia Punch Boxing taldeko kide da, eta klubak berak Aspanogiren alde antolatutako boxeo jaialdian izan zen debuta. Lehenengo borroka horren ondoren, bizitako esperientziaz aritu da berriketan.
Nondik nora datorkizu boxeo zaletasuna?
Kickboxing-a egiten duen lagun bat daukat, hark sartu ninduen mundu honetan. Orain dela urte bat eta hilabete gutxi batzuk hasi nintzen ni boxeoan, Ordizian. Lehen beste kirol batzuk egin izan ditut, saskibaloia batez ere, baina boxeoarekin lotura izan dezakeenik ez.
Nolakoa izan zen kirol honekin lehenengo kontaktua?
Kirol oso fisikoa da. Lan handia eskatzen du, bai fisikoa baina baita mentala ere. Prestaketa handia eskatzen duen kirola da, eta sorpresa izan zen.
Pasa den abenduaren 15ean debutatu zenuen, Ordizian. Nola iritsi zinen egun horretara?
Bai, hala da! Azkeneko asteetan presio handia sentitu nuen. Ring-era igotzeko unea baino ez nuen buruan. Urduri egon nintzen azkeneko egunetan.
Eta egunean bertan?
Goizean jaiki eta burua borrokaldia ez zen zerbaitetan mantentzen saiatu nintzen. Ring-era igotzeko momentuan, ingurura begiratu ere ez nuen egin. Aitortzen dut, ring-era igo nintzen arte, ez nintzela zetorrenaz guztiz kontziente. Une horretan hasi nintzen guztia asimilatzen.
Borroka zer moduz joan zen?
Bigarren asaltoan, epaileak borroka eten zuen. Aurkariak odola zuen belarrian. Antza tinpanoa lehertuta zuen. Horrelako zerbait gertatuta, ezin da borrokarekin jarraitu, segurtasunagatik.
Borrokak iraun bitartean, ze sentsazio izan zenituen?
Goardia posizioa mantentzea kosta egiten zitzaidan. Hori, eta beste gauza asko hobetzeko lanean jarraitu behar dut. Nire buruan konfidantza lantzeko gogor entrenatzen jarraituko dut. Izan ere, nire kezketako bat, fisikoki borroka osoa jasateko gai ote nintzen zen.
Non entrenatzen duzu?
Ordiziako Punch Boxing taldeko kidea naiz, baina debuterako Joxe Mari Arrizabalaga boxeolari ohiarekin entrenatu dut. Kontua da, Ordizian taldean entrenatzen dugula eta borroka prestatzeko, beste zerbait behar nuen. Astean lau egunetan entrenatzen dut berarekin.
Hemendik aurrera zer?
Momentuz hobetzen jarraitu nahi dut, asko daukat eta ikasteko. Gainera, boxeoan dena ez da ring gainera igotzea. Horretarako, lana egin behar da lehenik.