Axier Iriondo
Gaur goizean iraindu egin naute. Autoan nindoan. Iraindu nauena ere bai, baina berean. Errotondan sartu naiz, azkar samar eta gaizki. Balaztari eman behar izan dio. Eskuarekin egindako barka-eskeak ez du lasaitu. Semaforora heldu garenean, nire parean jarri eta eskuin ateko leihoa jaitsi du. Neuk ere jaitsi egin dut nire aldekoa. Erabaki okerra nirea. Gure ama zenari buruzko pare bat aipamenen ondoren, nire deskribapen fisikoari ekin dio, eta autoritateek jarri beharko lizkidaketen debekuak eta horien inguruko argudioak zerrendatu dizkit, zeukan amorruaren abiaduran alde egin duen arte.
Solchaga Espainiako ministro ohi nafarrarena dela uste dut. Oposizioko politikari bati «ergela» zela bota zion, eta, hark irainari buruzko kexua azaldu eta gero, ez zuela iraindu erantzun omen zion, definitu baino. Mutu utzi omen zuen, ni neu, gaur, definitu nautenean bezala. Semaforoa berde jarri dela ere ez naiz konturatu, atzekoen bozina-hotsak hasi diren arte. Entzun ez, baina imintzioak ikusi dizkiet ispilutik, eta nire definizioan sakontzen imajinatu ditut.
Autoek eragiten digute zerbait, baina bi norabideetan egin daitezke galderak. Zergatik dauka autoak guregan halako gremlins efektua? Edo (eta) zergatik gabiltza horrenbeste ergel errepideetan?
Aitor Calvillo
Zergatik? Errepidez josi dugulako ingurunea eta ergelok ere nonbait izan beharko dugulako kabida, ezta? Ala honelakoak Parlamentuan bakarrik daudela uste duzu? Gizarteak egin gaitu ergel, Axier! Batzuek arauak jarri eta ergelok bete. Eta bete ezean, hortxe zuri gaur goizean gertatutako adibidea. Beti egongo da norbait gogoraraziko dizuna arau-haustea egin duzula. Eta arrazoi osoarekin, gainera! Bestela ez lirateke zure ama zenarekin oroitu ere egingo.
Baina honek ni sutu egiten nau, Axier! Niri ere gertatu izan zaizkit horrelakoak (lurtarra naiz). Bi aldetara, gainera! Bietara ergel! Ergela ni! Ergela zu!… Tira, semaforoa gorrian pasatu zuen txirrindulariari esan eta egin nizkionak kontatuko banizkizu, edota bidea eman behar den horietan ezkerretik datorren autoa geratzen ez zaizunean, edota zebrabidean agurea zain, zu geratu eta aurrera egiteko keinua egiten dizunean, edota… Baina ergelago sentitzen naizen egoerak ere badira oraindik. Hondakinak nola atera/bereiztu, hamaika lezio jasotakoak gara azken urteotan. Hala ere, arau-hausteak egunerokoak dira oraindik ere. Eta ikusi al duzu inor bata besteari biraoka? Orduan ergela ez, baina inozo aurpegia jarri izan zait behin baino gehiagotan. Akaso, horrelakoren bat ikusitakoan auto barruan noala izango balitz…