Tokiko eta kalitatezko informazioa euskaraz eskaintzea da Goierriko Hitza-ren helburu nagusia. Horretarako, ordea, ezinbestekoa du irakurleen babesa eta sostengua. Hitza-ren bidelagun diren horiek, atal berezia izango dute webgune berrian: Hitzakide izenekoa.
Dagoeneko Goierriko Hitza-ren eta GoiBerri-ren harpidedun direnak, nahiz harpidetza digitala egin nahi dutenak izango dira Hitzakideak. Webgunean, hainbat abantaila eskainiko dizkien atal bat izango dute. Bertan, Goierriko Hitza-ren PDF artxiboa, zozketak eta deskontuak izango dituzte eskura, besteak beste. Baita norbere profila kudeatzeko eta bere gustuen arabera albisteak filtratzeko aukera ere.
Hitzakide atalerako sarbidea laister konfiguratu ahal izango da. Harpidedunek gutun bat jasoko dute datorren astean zehar, Hitzakide txartelarekin. Behin zenbaki hori dutenean –ez nahastu harpidedun kodearekin–, atalean sartu eta ‘sortu kontua’ sakatu beharko dute. Sistema oso erraza da, beste webgune batzuek erabiltzen dutenaren antzekoa. Norbere datuak eta Hitzakide zenbakia sartu, eta mezu bat jasoko dute esandako helbide elektronikoan. Han onartuz gero, sarbidea prest egongo da. Handik aurrera, webgunera sartzerakoan nahikoa izango da posta elektronikoa eta pasahitza sartzearekin.
Zalantzak sortuz gero
Hitzakide atalarekin edozein zalantza izanez gero, bezero arreta zerbitzuarekin jar daiteke harremanetan, 943 30 30 35 telefono zenbakira deituta, edo hitzakide@hitza.eus helbidera mezua bidalita.