Oso bakanak dira tendentzia honekin bat egiten ez dutenak. Benetako erresistenteak. Orain dela hamar urte asmatu zutenetik, bolbora bezala zabaldu baita gure mugikorretan. WhatsApp izeneko telefono aplikazioak harreman profesional eta pertsonalak azkartu eta merkatu ditu, bat-bateko mezularitza sistema erabilterraz bati esker. Formula berritzaile horrek produktu arrakastatsu bilakatu du, inondik ere, gure artean komunikatzeko ohiturak eraldatzeraino. Eta ez beti onerako.
Brian Acton eta Jan Koumek 2009an sortu zuten aplikazioak inglesezko What’s up? esamoldearekin egiten du hitz-jokoa. Zuzenduko nau inglesez taxuz dakien irakurleak, baina euskarazko Zer berri? gisa itzuli dezakegu espresio hori. Alegia, bere-berea du berritasunak edo azken ordukoak konpartitzeko tresna izateko bokazioa. Eta hor sortu zaigu arazoa.
Joan den azaroan, Mexikoko Acatlan hirian, bi gizaseme sutan erre zituen jende saldo batek, guaxap bitartez zabaldutako zurrumurru baten akuilukadak eraginda. Antza denez, ingurumarian haurren bahiketak gertatzen ari zirela zabaldu zen bizilagunen artean –ezaguna egiten al zaizue?–; beren autoa eskola batetik gertu aparkatzea izan zen zorigaiztoko aita-semeen pekatua. Herritar batek kotxeari ateratako argazkiak piztu zuen metxa. Sakelakoetan mugarik gabe eta inolako kontrasterik gabe zabaldutako informazioak egin zuen gainontzeko guztia. Matxinatutako herritarren zalapartak morroi errugabe haiekin akabatu arte. Beldurgarria benetan. Antzeko kasuak dagoeneko gertatu dira beste herrialde batzuetan, Indian kasu.
Kasuen krudelkeria alde batera utzita, What’s App bitartez iristen zaigun informazioari buruz gogoeta egiteko gonbitea luzatzen digute halako gertakariek. Izan ere, dagoeneko gure (des)informazio iturri nagusietako bilatu da aplikazio arrakastatsua.
Oxfordeko Unibertsitateak urtero egin ohi duen neurketa baten arabera, informazioa kontsumitzeko aplikazio honen erabilera bikoiztu egin da azken lau urteotan. Facebooken krisialdiak eta prentsaren gainbeheraren alderantziz proportzionala dirudi fenomeno honek. Espainiako Estatuan, esate baterako, dagoeneko hiru herritarretik batek aplikazio honen bitartez iristen zaizkion edukiak dira informazio-iturri nagusi. Adituek diotenez, 65 urtetik gorako herritarren artean telebista da oraindik orain sinesgarritasun handiena duen komunikabidea. 2018ak aldaketa ekarri du ordea, tendentzia horretan, jendea sare sozialen eta Internet bidez gehiago informatzen baita dagoeneko.
Arazoa, baliteke, kanal honetan zabaltzen den informazioaren berehalakotasuna eta anonimotasuna da. Beste sare sozial batzuk iturria ezagutzeko eta norbere iruzkinak uzteko aukera ematen badute ere, guaxapean mugarik gabe zabaltzen dira fake news edo mezu faltsuak. Zurrumurruak zabaltzen diren modu berean, baina inoiz ikusi gabeko abiadura eta zabalkunde esponentzial batekin.
Gainontzeko sare sozialetan egin bezala, What’s Appen arduradunen desafio nagusietako bat fenomeno horri aurre egitea izango da. Oraingoz hartutako neurriak pobre xamarrak dirudite. Baina, beste behin ere, erabiltzaileok badugu zeresanik. Teknologiaren erabilera gure eskuetan dagoelako. Gero eta gutxiago erabiltzen dugun aplikazio bat, garuna, tresna interesgarria litzateke jasotzen ditugun berri eta mezuak izpiritu kritikoz aztertzeko. Gai honetan ere gizarte gisa etorkizuna dugu jokoan.