«Gaztea izateak ere baditu bere abantailak», diote Kontuz Erromeriya! erromeri taldeko kideek. Hamabost eta hamasei urte dituzte Jon Altolagirre, Ane Arrizabalaga, Alazne Leatxe, Xabier Ugarte eta Jon Unzurrunzaga musikariek, eta hilabete gutxitan kontzertu mordoxka bat jo dituzte. «Dena oso azkar doa. Kontzertuak bata bestearen atzetik atera zaizkigu», azaldu du Unzurrunzagak. Gaur, Maldan Behera festan joko dute.
Taldea «kasualitatez» dela parekidea onartu dute, baina jendeak eskertzen duela. «Behin baino gehiagotan deitu digute emakumeak lehen lerroan ditugulako», dio Altolagirrek. «Harritu denik ere badago. La Polla, Su Ta Gar… garai bateko abesti gogorrak ere jotzen ditugu, eta jendeak ez du irudikatzen neska bat halakorik abesten», gaineratu du Arrizabalagak.
Errepertorio zabala dute, baina beraien abesti propioekin osatu nahiko lukete. «Ez da lan erraza. Melodia errazagoa da, baina letrak idaztea kosta egiten da», adierazi dute.
«Arin-arin eta fandangorik ia ez dugu jotzen, jendea ez baita dantza egitera ausartzen. Lagunek hasi behar izaten dute dantzan», dio Leatxek. Kuadrillakoak jarraitzaile finak dituzte, kontzertu guztietara joaten baitira. «Kanpoan jo arren, beti etxean bezala sentitzen gara».
Urteurren festa
Maldan Behera inertzia kirolen elkarteak bost urte betetzen dituenez, MALDAN BEhERa festa antolatu dute astebururako.
Gaurtik igandera bitarte, zozketak, jana eta edana eta zuzeneko musika izango dira. Besteak beste, Añurbeko Troba, Kontuz Erromeriya!, Alter Ego, The Nekrobabies, Tutukada, Hiri Galduak eta Segan taldeek joko dute.
Apirilaren 20an eta 21ean Legazpin jokatuko den Europako Kopako proba antolatzeko erabiliko dira irabaziak. Euskal Herrian halakorik antolatzen den lehen aldia da.