Harrizko bihotza
Joxe begiristain • Irakurzalea
Harrituta antzeman dut, txoko honetan dagoeneko 20 liburu izan ditudanean aipagai, oraindik ez idatzi izana Karmele Jaiori buruz. Bere liburu guztiak ditut irakurriak, Igartza Bekaren aitzakian idazlea bera eta Amaren eskuak eleberria ezagutu nituenetik 2006an, duela 20 urte. Ez naiz originala, beraz ez naiz lehena izango Karmele Jaioren liburuak goraipatzen: hainbat sari (aipatutako Igartza Bekaz gain) eta aitormen jasoa baita bere idazle-dohainez. Nik hemen, denak ez izendatzeagatik, bere lau eleberriak goraipatuko ditut: Amaren eskuak, Musika airean, Aitaren etxea eta Maitasun kapitala.
Oraingoan, ordea, bere azken liburuaz aritzea tokatzen da: Harrizko bihotza. Taupaden alfabeto bat izenekoaz. Ez da lehenengo aldia Jaiok ‘Harrizko bihotza’ hizpide hartzen duena: 2020an Bilboko ekitaldi baten, hori izenburutzat hartuz, zera zioen: «Harrizko bihotzentzat bizitza errazagoa izango da agian, gutxiago sufrituko dute, baina bizitza bera dastatu gabe joango dira mundu honetatik, hau da, ezertxo ere ulertu gabe».
Orain, liburu bat idazteko lain mami baduela gai horrek eta «idazle batek ezin du harrizko bihotzik izan, inguruko jendearenganako interesa duen heinean» esan, eta gutako edozeini arrakalaz nahiz sentimendu gozoz osatutako hausnarketak eragingo dizkigun liburu zoragarri bat idatzi du. Bera bezala, gu ere «ulertzen ez duguna ulertu nahian» bizi garen heinean.
Gure ama hil zaigunean irakurgai nuen liburu honetan aipatzen dituen egoera batzuk ditut nik gogoan orain: amak esan izan dizkidan asko, amari esan gabe utzi nizkionak…
Bihoakio Karmele Jaiori, liburu honen aitzakian, bere liburu guztiekiko nire miresmen-aitormena. ■
